"Egizu Euskaraz ahal duzun gehien
esazu Euskaldun zarela lehenen
mundu osoak, baita txinoak,
Euskara badela jakin dezaten!
Denok elkarturik joka dezagun,
elkarri eskuak emanik, lagun
ager gaitezen;
esan dezaten:
'Euskarak iraungo beste laurehun'.
Lehen ez bezalako giro berria
sortzen ari zaigu Euskal Herrian;
odol bizia, udaberriak
ekarri baitigu uste gabean.
Zokora ditzagun gorroto-minak,
eutsi euskarari neska-mutilak,
Euskara baita, Jainkoak nahita,
txikitan emana bularrez amak.
Gure eskuan dago gehien-gehienik,
nahi duenarentzat ez baita ezinik;
buru-bihotzez, gogoz eta pozez
ekin diezaiogun lanari gaurtik.
Dena adierazteko nahi dugu gaitu,
berez denerako balio baitu;
jakite-gaiak, nahiz eta zailak,
Euskaraz emanak mugak lasaitu.
Egizu Euskaraz ahal duzun gehien,
esazu Euskaldun zarela lehenen,
mundu osoak, baita txinoak,
Euskara badela jakin dezaten!".
Lehenengo kasuan azpeitiarra egile, bigarren testuak Azpeitia bera du aipagai. 1967koa da albistea, Gudari aldizkari ezkutukoan bertan irakurri duguna. Udaren balantzea egiten du aldizkariak, eta hainbat herritan jarritako ikurrinak aipatzen dira. Bertan esaten denez, Zestoako jaietan ekitaldi folklorikoak ere tartekatu dituzte, eta, besteak beste, euskal dantzen erakustaldia izan da. Donostiako Oinkari taldea dantzan ari zen batean, petardo bat lehertu zuten, eta paperezko ikurrinak zabaldu zituen bazterretan. Ondoren, beste bat lehertu zuten, eta ikurrina handi bat jaitsi zen zerutik herriko plazaraino. Zestoa osoak eta kanpotik joandako askok ere ikurrina beste berriketarik ez omen zuten izan.
Trikornioen karrera
Azpeitian ere izan zen aipatzekorik, irakurtzen dugunez: "San Inazio festen barruan, eguerdiko 11:20ean, gotzaina eta ‘agintariak’ hamarretako meza nagusitik irteten ari zirela, EGIkoek bi kohete bota zituzten, paraxuta eta banderekin. Horietako bat desbideratu egin zen, eta aparte xamar erori. Bestea, berriz, pilotaleku ondoan erori zen, eta denek ikusi zuten. Urduritasuna azaldu zen, trikornioen karrerak eta abar. Baina egileak desagertu egin ziren".
Baina zeinek eta zergatik eta non eta noiz eta nola ez du esaten Gudari-k.