Ordutegi lektiboaren barnean, Hezkuntza Arautuan, curriculumaren osagai gisa egiten den Gorputz Hezkuntza arloa edo irakasgaiari eskola kirola deitzea, ez da zuzena. Arlo horretan kirola helburu, hezitzaileak eskuratzeko baliabide gisa erabiltzen da. Irakasgai horren barnean, kirolaz gain beste hainbat gai multzo desberdin ere lantzen dira. Bigarren Hezkuntza arte (12 urte) eduki gisa jolasak lantzen dira, ez kirolak. Aitortu behar dut Gorputz Hezkuntza arloaren garrantziaz egiten duen aldarrikapenarekin bat natorrela.
Eskola kiroleko monitoreek "gehienetan formaziorik ez dutela", aipatzen du. Madrilgo araudiak ez du errazten arazo horri aurre egitea, izan ere titulaziorik apalenerako 200 ordutik gorako ikastaroak eskatzen ditu, gero azterketa gogorrekin. Ematen zaien konpentsazioekin, ezin zaie gehiegi eskatu. Hemengo beharrei erantzuteko Foru Aldundiak on line ikastaroak antolatzen ditu; laburragoak eta eskuragarriagoak gure monitoreen sare zabalera iritsi ahal izateko modukoak. Bestalde, Realaren Fundazioak ere formakuntza eskaintzen du, kirol modalitate guztietarako baliagarria dena eta balioetan hezteari lehentasuna emanaz, errendimendura mugatu gabe. Baditugu bertako beste zenbait ekimen monitore horien prestakuntzaz eskaintza interesgarriak egiten dituztenak (www.eskolakirola.com). Adin horretako haur guztiez arduratu beharrean, aukeratutako taldetxo batzuez arduratzen den antolaketan ulergarria da titulazio jasoagoko teknikoak izatea, kontuan izanik parte hartzeagatik gehiago ordaindu behar dutela.
Aurrerago dio: "Geure buruari tranpak egiten ari gara. Sistema bikoitza antolatu dugu. Batetik eskola kirola eta bestetik, kirol elkarteen kirol eskolak". Eskola kirolaren inguruan legediak dio: "Funts-funtsezkoa da eskola-umeen heziketa integralari begira, haien nortasuna era armoniatsuan garatzeari begira eta geroko adinetan ere kirola modu jarraituan egin ahal izatea eta bizimodu osasuntsua bermatuko duten baldintza fisiko eta prestakuntzari begira". Alegia, eskola kirola haur guztientzat bideratuta dago beraien osotasunezko garapena laguntze aldera, helburu hezitzaileekin, kirol espezialitate guztientzat oinarria finkatzen dute eta kostua hiritar guztien eskura dago. Kirol elkarteek antolatutako Kirol eskolak aldiz, teknifikazioaren ikuspegiaren barnean kokatu behar ditugu, kirol espezialitate batekiko motibazio edo zaletasun berezia dutenek errendimendua hobe dezaten. Legeak ondorengoa dio: "Eskola kiroleko antolakuntzaren barruan egiten direnen osagarri izango dira eta ez haien ordezko". Beraz, sistema bikoitzaz hitzegin ordez, garbi izan beharko genuke zein den ardatza edo enborra eta zeintzuk adar osagarriak.
Bere testuan aipatzen du: "Kirolak kalterik ez du, txerriak bezala dena ona du". Munduko Osasun Erakundeak berriki okelaren inguruan esandakoak ez ditut gogora ekarriko. Kirola eta jarduera fisikoa oso onuragarriak izan badaitezke ere, adinari egokitutako baldintza kuantitatibo eta kualitatibo batzuk bete behar dituzte. Zenbat eta nola egin kontuan izan behar ditugu.
Amaitzeko, beraz, gure eskola kirolaren ereduak bere balizko akatsekin eta hutsuneekin, uste dut zentzua baduela. Horra hor nire iritzia.