Aurreko bi ikasturteetan bezala, hileko bigarren igandean egiten dira aurten ere dantza jauziak. Urriaren 11n izan zen ikasturte honetako lehenengo saioa, orduan ere Plaza Nagusian. Adin guztietako hamarnaka lagun bildu ziren bertan, Ttipitto, Baigorritarrak, Mutxikoak eta beste hainbat kantu dantzatzera. Banaka, binaka, taldean… egindako dantzekin girotu zuten igande eguerdia.
Ipar Euskal Herrian tradizio handia izan duten dantzak zabaldu eta herritarrengana gerturatzea du helburu egitasmo honek, ikusteaz gain, gerturatu eta egiteko saioak izaten baitira. Horregatik, parte hartzeko gonbidapena luzatzen diete antolatzaileek herritarrei.