Hamalau mila bizilagun dituen herri batean "ehun pertsona inguruk" egin diote kasu deialdiari; azken 50 urtetan gure herriko gatazkak utzi dituen "biktima guztiak" gogoratzeko deialdiari azpeitiarren ehuneko 0,7ak egin dio men.
Ehun horietako zenbat joan dira alderdi batek edo besteak deitu duelako? Azpeitiarrak ez dira enteratu? Ez al zaie axola? Axola zaie, baina ez diete kasurik egiten politikoen deialdiei? Axola zaie, baina paso egiten diote etxetik irteteari eta plazan elkartzeari? Jendea nekatu egin da gai honekin?
Marianok esaten duen bezala, kalean azpeitiarron 0,7a dago, baina "gehiengo ixila" beste leku batzuetan dago. Gehiengo ixil horrek zer dio? Horietako asko akaso mugikor-adiktoak dira eta euren kontzientzia arintzen dute Whatsappak bidaltzen:
- Hi, gaur memoriyen egune. Akordatzen?
Zenbat horrelako Whatsappek zirkulatu ote zuten atzoko egunez? Agian, askorentzat politikoek eta funtzionarioek egin beharrekoa zen atzokoa. Argazkia atera eta kitto.
Nik, asko izan nituen gogoan atzoko juntadizoan, arrazoi bategatik edo besteagatik sufritu dutenak edo hil direnak edo dituztenak.
Aro berri batean omen gaude, adiskidetzeko bideak bilatu behar omen ditugu denok batera. Atzokoa, aspaldiko partez, deialdi bateratua izan zen. Horrelakoei erantzungo diotenak ugalduko ote dira hurrengoan!
Hurrengo deialdia baliteke hil honen 25ekoa izatea, "emakumeenganako indarkeria" salatzeko eguna izango baita, hain zuzen. Biktima gehiago! Beste argazki bat bildumarako?
Zenbatekoa izango da egun horretan "gehiengo ixila"? Ni behintzat ez naute hor kontatuko, ez horixe!