Cecilia Santiago: "Kultura eta balore indigenak ezagutzea interesatzen zaigu, egungo arazoei aurre egiten jakiteko"

Uztarria.eus 2015eko azaroaren 12a

Cecilia Santiago (Chiapas, 1972) aktibista mexikarrak eta Lumaltik elkarteko Santiago eta Xabier Yurramendik hitzaldia eskainiko dute gaur, osteguna, Sindikatu Zaharrean. Komunitate zapatistak izango dituzte hizpide, eta Chiapaseko autoeraketa indigenaz eta erresistentziaz ariko dira. Uztarria.eus-ek Santiagorekin hitz egin du, Chiapaseko errealitatera gerturatzeko asmoz.

Chiapaseko Ik elkartean egiten duzu lan. Zertan datza zuen lana?

Gure lanaren helburua jendeari laguntzea da. Pertsonen eta kolektiboen arazoak-eta entzuten ditugu eta horiei lagundu. Euren indar eta gaitasunak azpimarratzen ditugu, gal ez ditzaten saiatuz. Kultura eta balore indigenak ezagutzea interesatzen zaigu, gaur egungo arazoei aurre egiten jakiteko.

Nolakoa da Chiapasen egoera egun?

Chiapaseko egoera desberdina da. Herri zapatistako kideak mugimendu horretan ez dauden pertsonekin bizi dira. Arazoa gobernuan dago. Izan ere, horiek modu batera edo bestera, indigenak gogogabetu egiten dituzte eta mugimendu zapatista utziaraztera ere bultzatzen dituzte. Gobernuko funtzionarioek eta alderdi politikoek jendearen babesa birrintzeko, pertsonen artean gatazkak sorrarazten dituzte.

Zer egoeratan daude emakume zapatistak?

Emakume zapatistak arazo ugari dituzte, baina gogor egiten diete aurre horiei. Ausartak dira eta lorpen garrantzitsuak egin dituzte. Emakume gazteak etxetik atera daitezke jada, ezkondu nahi duten edo ez erabaki dezakete, eta baita norekin ezkondu ere. Osasunaren eta hezkuntzaren sustatzaileak dira. Eskualde eta udal mailan autoritatea lortu dute.

Indigenek zer jarrera hartzen dute autoritate politikoen aurrean?

Gobernuak erresistentzia indigenarekin eta zapatistarekin amaitzeko hainbat saiakera egin ditu. Zapatistek, ordea, politika egiteko euren bide propioak dituzte. Gobernu erregional dituzte Juntas de Buen Gobierno izenekoak, eta gobernu horren helburua, osasunean, hezkuntzan eta justizian ahalik eta autonomia gehien lortzea da.

Beraz, gobernuak ez du interes handirik jartzen herri indigenengan...

Arrazismoa oso zabala denez, gobernuek ez diote herri indigenei garrantzirik ematen; %10a gara. Gobernuek euren kulturatik sortzen dute hezkuntza, eta ezin dugu hori onartu. Justizia zuzendu behar dugu eta aurrera atera bide on batetik. Horretarako, etorkizunari begiratu behar diogu eta bizikidetza baketsu bat sortu.

Gaurko hitzaldian Lumaltik elkarteko kideak ere izango dira. Kooperazioa eta herrien garapena dute helburu. Zer lan egiten dute?

Lumaltik taldeko kideek herri zapatistaren borrokarekin solidarizatu nahi dute. Autonomia indigenaren eraketa miresten dute, eta batez ere, emakumeek euren askapenerako duten borroka. Herri indigenen borroka erreferentea da beste mundu bat eraikitzeko. Gipuzkoan Bizkaian baino gutxiago ezagutzen da borroka zapatista, eta horregatik ari dira halako hitzaldiak-eta ematen; baita herritarrak Chiapasi babesa agertzeko brigada internazionalistetan parte hartzera animatzeko ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide