Azpeitiko Sare Herritarra indarberrituta itzuli da

"Giza eskubideak, konponbidea, bakea" lelopean jaio eta urtebete darama Sare Herritarrak lema horri jarraiki lanean. Bitarte honetan, ezberdinen arteko borondateak ehunduz eta herri aktibazioaren indarrez, dispertsioarekin amaitu, bizi osorako espetxe zigorrekin bukatu eta preso gaixoen etxeratzearen aldeko dinamikak sortu eta sendotzen utzi ditugu indarrak.

Azpeitian ere horretan ibili gara. Lan talde anitza osatu, eskura ditugun baliabideei eutsi eta, beti ere gure maila xumearen baldintzapean, herri aktibazio lan horretan zeresana ematen saiatu gara: hitzaldiak, mahai-inguruak, agitprop kanpainak... Jakitun gara, ordea, gorabeherak asko izan ditugula eta askoz gehiago eman eta egin dezakegula. Duela urtebete, herriko presoak Azpeititik 3.085 kilometrotara genituen. Egun, 3.085 kilometrotara egoten jarraitzen dute. Bada zerbait.

Egosgogorrak gara, ordea, eta berpiztuta itzuli gara, berrituta. Ekimenari jarraipena emateko gogo biziz. Sare Herritarraren proiektua irekia da, bizirik dago eta denen ekarpenak ongietorriak dira. Guztion artean bakarrik lortuko baitugu gure aldarriak Euskal Herriko bazter eta txoko guztietan oihartzuna izatea eta orain ezinezkoa dena errealitate bihurtzea: mugiezina dena mugiaraztea. Espetxe-politika bidegabe honekin amaitzea, alajaina.

Zentzu honetan, urtarrilaren 9an sakabanaketa eta kartzeletako salbuespen neurrien aurkako mobilizazio erraldoia deitu du Sare Herritarrak Bilbon. Guk, geure partetik, dugun onena emango dugu Bizkaiko hiriburuan azpeitiarron ahotsa ahalik eta ozenen entzun dadin. Bide batez, lerro hauetatik ekimenean parte-hartzera dei egiten dizuegu.

Azpeitiko Sare Herritarra martxan da berriro ere. Eta zeresana ematera goaz!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide