Alexander Sandi Marcius Zilarrezko LEB ligan zeresana ematen ari dela ez dago esan beharrik. Zortzi jardunaldi pasatu eta gero, Sammic ISBko pibota lehiaketako hirugarren jokalari baloratuena dugu, 20’25eko batez bestekoarekin. Eta ez da harritzekoa, dagoeneko bi aldiz lortu baitu kroaziarrak asteko jokalari baloratuena izatea; azkena, zortzigarren jardunaldi honetan, Ametx Zornotzaren aurkako partidan 34ko balorazioarekin amaitu eta gero.
Marciusek egin zuen partidako azken saskiratzea, amaierarako segundo baten faltan harmailak altxarazi zituen birrintze bat, eta garaipena hein handi batean berari esker lortu zen. 22 puntu sartu zituen (14/10 jaurtiketetan), 18!!! errebote eskuratu zituen, 2 asistentzia banatu, baloi 1 berreskuratu eta 6 falta jaso zituen. Zenbaki horiekin 34ko balorazioa lortu zuen eta, asteko bostekoan egoteaz gain, Coviran Granadako Jesus Fernandezekin batera jokalari onena bezala izendatu dute.
Zorionak, Sandi!