Kalusek gaur aurkeztuko du lehen diskoa

Uztarria.eus 2015ko aza. 27a, 11:02

Ibon Gerra eta Unai Martinez, Kalise taldeko kideak

Kaluse taldeak gaur, ostirala, aurkeztuko du lehenengo diskoa Gaztetxean, 22:30ean hasita. Unai Martinez (Azpeitia, 1996) gitarra jotzaileak eta Ibon Gerra (Azpeitia, 1996) bateria jotzaileak osatzen dute taldea. Urtebete ere ez da lehen kontzertua Orkatzen eman zutenetik. Uztarria.eus-ek taldekideekin hitz egin du.

Noiz eta nola sortu zen Kaluse taldea?

Unai Martinez: Ez gaude ziur noiz sortu zen. Ez zen "benga, talde bat sortuko dugu" esanda hasi kontua. Noizbehinka, lokalean geundenetan, musika egiten genuen, bioi gustatzen baitzaigu musika. Lokalean geunden egun batean, zerbait "serioa" egin nahi genuela ohartu ginen. 

Ibon Gerra: Biok txiki-txikitatik klasean batera egon gara eta musika arloan ere batera joan gara hobetzen. Beraz, guretzat oso garrantzitsua da taldea biok osatzea.

Nondik dator Kaluse izena?

I.G: Ikusi nuen dokumental batean, indigenek lurralde bati deitzen zioten Kaluse, eta horrek herri basatia esan nahi du. Esanahia eta hitza gustatu zitzaizkidan, eta Unairi komentatu nion.

U.M: Egun batetik bestera, oso motibatuta etorri zen izena erabaki zuela esanez. Niri ere gustatu zitzaidan eta izen horrekin jarraitu genuen aurrera.

Zer motatako musika egiten duzue?

U.M: Zerbait esate aldera, rock-instrumentala esango genuke.

I.G: Ez zaigu gure musika estiloari etiketa bat jartzea gustatzen. Rocka eta instrumentua badugu, hortik aurrera jendeak jar diezaiola nahi duen izena guk egiten dugun musika motari.

Zein talde duzue erreferente?

U.M: Rage Against The Machine-tik hasi eta Lisabo taldera arteko musika entzun dugu taldea sortu zenetik. Bi horien tarteko talde asko ditugu gustuko. Musika estilo oso desberdinak entzun ditugu, eta gustatzen zitzaigunetik zerbait hartu dugu. 

I.G: Toundra musika taldea entzun genuenean horrelako zerbait egin nahi genuela pentsatu genuen. Gero, ordea, Mogwai-ren kontzertua entzun eta geneukan ideia osoa goitik behera aldatu zigun.

Letrarik gabeko abestiak egiten dituzue...

U.M: Ibonek bateria jotzen du eta nik gitarra. Hasiera batean ahotsa jartzea bururatu zitzaigun, baina ahotsik gabe probatu eta gustatu egin zitzaigunez... Geroz eta gehiago gustatzen zaigu abestiei instrumentua soilik sartzea. Azken finean, belarria egin egiten da horretara ere.

Urtebete ere ez da lehenengo kontzertua Orkatzen eman zenutenetik. Aldaketarik izan al du taldeak ordutik?

I.G: Bai, eta asko gainera. Orkatzekoa froga bat izan zen. Bertako zerbitzari Imanol Amenabar betidanik ezagutzen genuen eta bertan jotzera gonbidatu gintuen. Hori ondo ateraz gero, aurrera jarraituko genuela esan genuen. Ondo joan zen eta hemen gaude. Ordutik musika asko entzun dugu eta abesti gehiago konposatzen joan gara.

U.M: Lehenengo kantuak eta oraingoak entzunda antzematen da aldaketa. Abestiek lehen edo orain zer egitura duten ikusita, aldaketa handia dago. Musika instrumentalari trukoa hartzen eta ahotsaren dependentzia maila jaisten joan gara.

Nola antolatzen zarete entseatzeko?

U.M: Telefonoz elkarri deituta komunikatzen gara. Geratu nahi duenak besteari galdetzen dio ia prest dagoen elkartzeko; eta horren arabera elkartzen gara.

I.G: Ez daukagu ordutegirik eta ez dugu edukitzerik nahi. Astean behin, behintzat, entseatzen dugu, eta ahal dugunean, bitan.

Bi laguneko taldea zarete...

I.G: Hasiera-hasieratik biok osatu dugu taldea. Hasieran planteatu genuen norbait gehiago aurkitu edo ez, baina norbait bidean tokatzen bazitzaigun, pentsatuko genuela erabaki genuen. 

U.M: Noizbehinka kantu erdian ahotsa sartu beharko genuela uste genuen hasieran, baina ez genuen abestu nahi. Beraz, abeslaririk gabe eta kantuei ahotsik sartu gabe, aurrera jarraitzea erabaki genuen.

Kaleratzen duzuen lehen diskoa da...

U.M: Maketa hau egiten lan asko egin dugu eta ilusio handiarekin egindako lana da. Gainera, autoekoizpena izan da.

I.G: Laguntzatxoa eduki dugun arren, geuk egin dugu ia diskoaren prozesu osoa; diskoaren azala, horiek diskoan itsatsi... Horrek egindako lana gehiago baloratzea eragiten du, baita hankak lurrean edukitzea ere. Lagun batek lagundu digu kantuak kalitate hobean grabatzen, eta beharrezkoa izan zaigu laguntza hori. 

Zer erantzun jasotzea espero duzue gaurko kontzertuan?

U.M: Esperantzarik ez dugu egin nahi. Jendeak ondo pasatzea eta Gaztetxetik irteterakoan sentsazio berri bat edukitzea nahi dugu.

I.G: Giro goxoa sortu nahi dugu, jendea gustora eduki. Ez zaigu inporta 20 edo 40 pertsona joaten diren, gerturatzen direnek ondo pasatzea baizik. Hurrengo kontzerturako gogoarekin irten daitezen nahi dugu.

Diskoa Gaztetxean aurkeztea zer da zuentzat?

U.M: Guk erabaki dugu diskoaren aurkezpena Gaztetxean, gure etxean, egitea. Astean zehar ere joaten gara bertara eta plazer bat da han aurkeztea.

I.G: Gure etxea da Gaztetxea. Gainera, geuk egin ditugu kontzertuaren aurreko prestaketak eta hori bera proiektu bat izan da; ez egun bateko kontua. Aurretik lan handia egin dugu eta oholtzan izango dugun sentsazioa hobea da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide