Bost urteko ibilbidea du Azpeitiko Udalak eta hainbat boluntariok abian jarritako elikagai bankuak. 2010ean hasi ziren boluntarioak beharra zutenei jakiak banatzen Baigeraren egoitzan; bertan zuten biltegia eta hantxe egiten zuten banaketa ere. Duela hiruzpalau urte, baina, Udalak Urola kalean duen biltegira lekualdatu zuten, eta orduz geroztik han du txokoa Azpeitiko elikagaien bankuak.
Udalak lokala egokitu berri du "egoera kaskarrean zegoelako". Sei boluntarioei eta janariaren bila joaten direnei "leku duina eta txukuna" eskaintzeko egin ditu egokitzapenak Udalak, Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez: "Pintatu egin dugu lokala, argi gehiago ipini dira, eta komun bat ere jarri da, jakiak ahalik eta modu egokienean gordetzeko eta bertan lanean aritzen diren herritarrei lokal eta gune duin bat eskaintzeko".
Egun Azpeitiko 195 familiari ematen diete jatekoa hilero elikagai bankukoek. Udaleko gizarte zerbitzuetatik bideratzen dituzte eskariak, eta lehen hiru hilean behin egiten bazuten ere, orain, hilero egiten dute banaketa. Jakiak Europako Fondo Sozialak eta Bailarako Elikagai Bankutik jasotzen dituzte. Jasotakoaren kudeaketa eta banaketa, berriz, Urola kaleko biltegian egiten dute. Herritarrek ere eraman ditzakete jakiak, elikagai bankuko boluntarioei edo gizarte zerbitzuetara deituta.
Sei boluntario aritzen dira hileko lehen astero lanean, eta Udalak eskerrak eman dizkie egiten duten lanagatik: "Erakusarazi egin behar da egiten duzuen lana. Azpeitia herri solidarioa da, eta zuek muxutruk lan asko egiten duzue. Zuen lanagatik ez balitz, beharrean daudenak oraindik eta egoera zailagoan leudeke. Gutxieneko eskubideak bermatzea gure egitekoa da, eta boluntariook egiten duzuen lana eskertu egin behar da; balioa eman behar zaio egiten duzuen lanari".