Euskararen Egunaren harira Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) plazaratutako adierazpen instituzionala aho batez onartu zuten atzo, asteartea, abenduko ohiko Udalbatzan. Azpeitia UEMAko kide da eta bat egin du, horrenbestez, Udalerri euskaldunen adierazpen insituzionala, 2015eko Euskararen Egunaren inguruan izeneko agiriarekin.
Hau da, osorik, atzoko udalbatzarrean aho batez onartu zuten mozioa:
"2015eko abenduan, Euskararen Egunaren harira, Azpeitiko Udalak honakoa nabarmendu nahi du, udalerri euskalduna eta euskararen arnasgunea den heinean:
Euskara gure herriaren oinarrizko orubea da, gure hizkuntza denez, munduari begiratzeko daukagun leihoa eta mundura zabaltzeko daukagun atea baita. Euskara gara, eta euskaratik egiten dugu bidea, eguneroko lanean eta bizitzan.
Mendeetan zehar belaunaldiz belaunaldi gure ahoraino heldu den hizkuntzak ez du ibilbide samurra izan, eta gaur egun ere, oraindik, artaziak hurbil sumatzen dituzte euskaldun askok beraien herrietan, ofizialtasunik gabe eta euskaraz aritzeko inolako erraztasunik gabe.
Udalerri euskaldunetan bestelakoa da egoera. Legez ofiziala da euskara, euskaraz modu naturalean aritzen gara, oraindik ere nahi baino esparru gehiagotan zailtasunak ditugun arren. Horri aurre egiteko lanean segitzea dagokigu, zenbaitek larrekoa nahi duten hizkuntza noranahikoa izan dadin benetan.
Euskara lau haizetara zabaltzeko ahalegin horretan, aintzat hartzekoa eta aitortzekoa da hiztunek, euskaldun berriek eta herri eragileek zein erakundeek egindako lana. Horien guztien euskaraz bizitzeko nahiak ekarri baikaitu honaino. Aurten, bereziki, eta hainbat erakunde publikok horrela adostuta, berariaz aitortu eta nabarmendu nahi dugu euskaldun berrien ekarpena eta ahalegina.
Gaur, beraz, 2015eko Euskararen Egunean, Azpeitiko Udalak honakoa adierazten du:
- Udalerri euskaldunak dira euskararen arnasguneak, hizkuntzaren transmisioan eta balio erreferentzialean duten garrantziagatik. Euskararen gune hegemonikoak dira, eta baita eredu ere hain euskaldunak ez diren eremuentzat.
- Udalerri euskaldunek izaera horri eutsi baldin badiote, eragile askoren ahaleginari esker eta hiztunen hautuari esker izan da. Aurten, bereziki, euskaldun berrien ekarpena aitortu eta eskertu nahi dugu, euskara ikastearekin, udalerri euskaldunek gure hizkuntzari eusteko dagokien alea jarri dutelako.
- Udalerri euskaldunetako bilakaera soziolinguistikoak, hala ere, azken urteotan ezagutzak behera egin duela erakusten du, eta datu horiek kezkaz ikusten ditugu. Arnasguneak zaindu eta hedatu ezean, beheranzko joera areagotu egingo baita, euskararen normalizazio prozesua arriskuan jarriz.
- Horregatik, euskaldun berriei aitortza hau egiteaz gain, euskaldun berriak sortzen jarraitzeko eta horretarako bitartekoak jartzeko eta erraztasunak emateko konpromisoa hartzen dugu. Baita udalerriaren erabateko euskalduntzean dugun ardura eta egiten dugun ekarpena aztertzekoa ere, horren inguruko hausnarketa eginez, ditugun baliabideen eta eskumenen baitan.
- Udalerri euskalduna den heinean, Azpeitiko Udalak, honen bidez, euskaraz bizitzen segitzeko borondatea berretsi nahi du, harrotasunez, herri honen kulturari eta izaerari egin diezaiokeen ekarpen ederrenetakoa dela iritzita. Era berean, aitortu eta eskertu egin nahi du, egunero euskarari hauspoa ematen dioten herritar guztien hautua eta ekarpena eta, aurten, bereziki, euskaldun berriena".
Beste bi mozio
Euskararen Eguneko adierazpenarena udalbatzarrean aho batez onartu zituzten hiru mozioetako bat izan zen.
Azaroaren 25aren bueltako egitasmoen aurkezpenean aurreratu zuten bezala, Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna zela-eta Udalak aurkeztutako konpromisoak berretsi zituzten atzoko bilkuran. Azkenik, abenduaren 1ean izan zen HIESaren kontrako borrokaren nazioarteko eguna, eta egun horretarako Gehituk udaletan aurkeztutako Parisko Adierazpenarekin ere bat egin du Azpeitiko Udalak.