Nafarroaren eta ikastolaren eguna

Elias Mendinueta eta Mirari Bereziartua (Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibako eta Nabarraldeko bazkideak) 2015ko abe. 3a, 10:00

Abenduaren 3a, Nafarroaren eta ikastolaren eguna. Merezi dute gure aldetik biak ala biak, zenbait gogoeta, bataren eta bestearen etorkizunak lotuta doazelako. Ikastolaren izena, izanarekin lotzea etengabeko erantzukizuna dugu, Nafarroaren izena eta izana bezalaxe. Biekin geu izaten jarraitzea dugu jokoan. Nortasun kulturalari dagokion euskalduntasuna eta nortasun politikoari dagokion erabakia.

Guzti horren inguruan, hiru galdera hauei erantzunez laburbiltzen da ondoren egiten dugun gogoeta guztia.

  • Bat. Zein da ikastolaren izena eta izana? Ikastola ez da escuela. Loiola, taller de barro ez den bezalaxe. Loiola, Loiola da eta ikastola, ikastola da. Ez publikoa eta ez pribatua, geurea, bere izen propioarekin. Hasi gaitezen ezer baino lehen gauzei bere izena ematen eta gero segi, zer egin beraiekin argitzen.

    Jatorriz ikastola izena du, izana, euskaldunon hezkuntza proiektuaren erantzukizuna duenak eta bereizgarri hauek dituenak: euskalduntasuna, nafartasunaren erabakiarekin lotuta familien titulartasunarekin zaintzen dugu, lurraldetasun osoan, modu solidarioan auzolanean arituz, seme-alabak ditugun ikasleei eta Euskal Herriari diogun maitasunaren indarrez baliatuz. 3 gu (gu, geuk, geuretik) direnen inguruan borobildu dezakegu guztia: gutasunaren gu, subjektu erabakiorraren geuk, eta transmisioa eta garapenaren erreferente propioak erabiltzearen Geuretik.
  • Bi. Euskal hezkuntzaren erantzukizunaren eta erabakiaren subjektua nor da? Geure hezkuntza, herritar guztion erantzukizuna da eta, bakarrik herri ekimenaren subjektu izaeratik erabakia erabilita, bermatu dezakegu geure egitura politiko propioak berreskuratu bitartean eta ondoren ere, euskaldunon edozer egitura politikori zentzua horrek ematen diolako. Kongruentziz, ikaslea bera hezkuntzan subjektu bihurtzea ardatz nagusia da, beste guztiak, bere bidelagun bihurtuz. Herri burujabea, herritar burujabeekin egiten delako.
  • Hiru. Zergatik eta zertarako argitu 'publiko' kontzeptua? Kontzeptu juridiko-politikotik estatuen titularitatepeko zerbitzuari dagokiona bakarrik dela oso argi dago. Hau da, menpeko hartu gintuzten bi estatuek, gure herriari berea indarrez kendu ondoren, geurea den etxean, halabeharrez, maizter bezala utzi gaituztelako. Gainera, egoera horri, modu peioratiboan 'pribatu' eta 'elitista' erantsita eskubiko eta ezkerreko alderdi politiko estatalek asmo oso garbia dute: geure burujabetza berreskuratzearen kontzientzia ezabatzea. Badakite eraginkorra izaten ari zaiela. Eta etxekoek argi al dute? Norberak erantzun dezala.

Historiaren haria jarraituz, esan daiteke, beste hainbat ekimenek duten bezalaxe, ikastolak ere izkutuan gelditzen den andrearen aurpegia duela: amarena. Ama euskaldunaren isilpeko indarra. Erabakia duena. Elkarlana bere eskutik sustatu eta gauzatzen duena inguruko guztiak -andre eta gizon- euskal hezkuntzaren konpromisoan ehunduz. Amaren intuizioa herri ekimenaren eredutzat hartuz, gerra ondoren Emakume Abertzaleen Taldeak ere, ikastola bultzatu zuen. Une honetan ere beharrezkoa dugun eredu berbera. Hala ere, jatorriz geurea den haria baztertuz, jabetu gabe, euskalduntasunaren erantzukizuna Frantzia eta Espainiako estatuen esku ez dagoela, gureak ez diren sistemetan konponketa ipintzeko joerak, indartu eta hedatzen zaizkigula dirudi.

Gaurko egunean, ikastolaren jatorrizko izena ukatu, lausotu, nahasten dituen mezu ugariren aurrean isiltasuna nagusitzen da. Bere nortasuna kenduz generikoa bihurtzen ari dira ikastola, erderazkoen itzulpena bihurturik besterik gabe. Horren aurrean zenbaiten -gehiegiren- leloa hau da: egon isilik. Ez nahastu bazterrak. Ika-mikak utzi alde batera. Zatiketa txarra da. Normalizatzeko ordua da.

Burujabetza lortzeko bidean egonik, gureak ez diren estatu eta sistema berdinak jarraitzen dutenean gaur egun oraindik, estatuen egitura administratiboaren menpe uztea ehun eta bat urteetako herri ekimenez eraikitakoa, normalizatzea al da? Norentzat? Hainbat ikastolak, aurten, berrogeita hamargarren urteurrena egiten dituen une honetan, bada ordua, etxekoen artean gauzak argitzekoa. Ez bakarrik ikastolagatik, Euskal Herriagatik batik bat. Dauzkagun erronkei aurre egiteko ezinbestekoa da hezkuntza proiektu propioa dugun Ikastola mugimendua.

Horregatik diogu, ikastolari jatorrizko nortasuna eta horri dagokion izena errespetatzea. Ardoari opatzen dioguna, ikastolari zergatik ez? Ardoarekin edonork ederki, modu naturalean, egiten dugu. Garrantzia handiarekin jatorrizko deitura aitortzen zaio, bereizketa argia eginez, bere kualitatea ulertzeko nondik norako nortasuna duen. Era berean, ikastolari ere jatorrizko izana eta izena aitortu eta errespetatzeko ordua da.

Publiko kontzeptuari dagokionez, zenbait politikari abertzaleen artean aspalditxotik nahastua badago ere estatuentzat oso argi dago, beraien sistema administratiboen zerbitzuei dagokiola. Jakina delako kontzeptu juridiko-politikotik beste interpretaziorik ez duela.

Pirinioaren bi alderdietako estatuetatik sarritan jaso dira ikastolaren mugimendua estatuen esku uzteko eskaintzak, beti ezezkoa jasoz ikastolen mugimenduko kongresuetatik. Autonomia Erkidegoan 1983tik EIKE proiektua. Hurrengo hamarkadan Foru Erkidegoan eta Parisetik ere eskaintzak egon ziren. Hala ere, tantaka-tantaka gutxi batzuek, presio handiak jasoz, publifikatzen joan ziren 1980 eta 1990eko hamarkadetan, bai EAEn eta bai Nafarroako Foru Erkidegoan: Portugaleten, Gasteizen, Leitzan...

Behin eta berriz, Euskal Herri mailako ikastolen kongresuetan, erabaki da Administrazioaren esku ez lagatzea ikastolak. Azkenengo erabakia, EAEn 1993ko Buesaren Euskal Eskola Publikoaren Legearen aurrean hartu zuten Euskal Herri osoko ikastolek Gasteizko Armentia ikastolan egindako kongresuan. Lege horrek asmo jakina zuen. Hiru sare gineneko euskaldunon egoerari bukaera ematea publikoa eta pribatua kontzeptuak bakarrik utziz ofizialki. Gehiengo handiz hartu zuten ezezko erabakia ikastolek. Kongresuko erabakiaren gainetik, Autonomia Erkidegoan ikastola batzuek, bere aldetik mugimendua utzi eta Eskola Publikoa bihurtzea erabaki zuten, Administrazioaren titularitzapera pasatuz.

Ikasia dugu orainarteko esperientzia guztietan, abertzale asko egitura publikoetan egon arren eta euskararen aldeko konpromiso serioa duen jendea izan arren, nahi dituzten aldaketak gauzatzeko ez dutela erabakitzeko ahalmenik. Dagoen bakarra, Erresuma Espainiarretik jasotako kudeaketarako baimendutako egitura da. Frantziar Errepublikatik ezta hori ere.

Hala ere, bertan dabiltzan zenbaiten lana txalogarria da, eta aukera desberdinen artean bizi izan diren arazoak, ez dira inoiz izan bateko eta besteko herritarren artean sortutakoak. Zenbait politikarik, auskalo zer arrazoigatik bultzatutakoak baizik.

Gainera, aitortu behar da, administrazio autonomoetatik oso garrantzitsua bihurtu den laguntza jaso dela ikastoletan, aldi bakoitzeko politikarien arabera, konpromiso argia izan dutenen aldetik.

Une honetan, 1914tik herri ekimenetik egiten ari ginenari jarraituz, ikastolen mugimendua osatzen dute 109 ikastolak, 4.500 langilek eta 51.400 ikaslek.

Geroa gurea delako, gu, geuk, geuretik egiten aurrera goaz! Gora Nafarroa, gora Ikastola!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide