'El Clan' eta 'Hotel Transilvania 2' filmak ikusgai zapatutik asteartera bitartean

Uztarria.eus 2015eko abenduaren 3a

El Clan eta Hotel Transilvania 2 filmak izango dira ikusgai zapatutik asteartera bitartean, Soreasu antzokian. Abenduaren 5ean, zapatuan, El Clan filma ikusi ahal izango da 22:00etatik aurrera. Igandean ere emango dute, 19:30ean, eta astelehenean 21:30ean hasita. Asteartean ere eskainiko dute 19:30ean. Bestalde, Hotel Transilvania 2 ere ikusi ahalko da Soreasun. Igandean, abenduaren 6an, 16:30ean izango da emanaldia eta asteartean, hilaren 8an, 16:30ean.

El Clan filma Pablo Traperok zuzendutakoa da. Argentinan ekoitzi zuten thriller generoko filma, 2015ean. 16 urtetik gorako ikusleentzako pelikula da. 80. hamarkadan gertaturiko istorioa kontatzen du filmak. Argentinan, Puccio familiaren inguruan egindako polizia ikerketa batean oinarritzen da. Ohiko familia bat dirudi, baina Pucciotarrak bahiketa eta hilketa jardueratara dedikatzen dira. Erreskateetatik irabazitako dirutik bizi dira.

Aldiz, Hotel Transilvania 2 animaziozko filma da. AEBtan ekoitzitako lana da, 2015ean. Hotel Transilvanian dena hobeto doala dirudi. "Hotela munstroentzako bakarrik" Drakulak ezarritako araua bertan behera utzita, gizakiak ere onartzen dira. Drakula, ordea, arduratuta dago bere bilobari gerta dakiokenaz. Izan ere, beldur da erdi-gizaki erdi-banpiroa den biloba Denisek banpiro alderdia garatuko ez ote duen. Horregatik Drakulak bere lagunei deitzen die munstro izateko entrenamenduak egiten dituzten kanpamendura eramateko. Baina okerrena gertatzear dago. Vlad biraitona petrala hotelera iristear da eta Deniss ez dela %100 banpiroa eta hotelean gizakiak ere onartzen dituztela jakiten duenean egoera zailduko zaio aita drakulari.

El Clan ikusteko sarrera 4,5 euro ordaindu beharko da. Ikusleen egunean, astelehenean, berriz, 3,5 euro. Baigerako bazkideek 2 euroren trukean eskuratuko dute sarrera. Hotel Transilvania 2 filma ikusteko sarrera 4 euro ordaindu beharko da. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide