Emozio eta sentimenduz betetako obra bat interpretatuko du gaur Claire Ducreux dantzari eta antzezle frantziarrak, 21:30etik aurrera, Soreasu antzokian. Kritika onak besterik ez ditu jaso 2014an estreinatu zuen Refugiee Poetique (Errefuxiatu Poetikoa) ikuskizunak, eta Euskal Herria, Espainia eta Frantzia artean dabil Ducreux azken urtean. "Maiteminduta" dago egiten duenaz, eta bere unibertsora gerturatzeko eskatu die ikusleei, artistaren arabera, "batera" osatuko dutelako obra gaur.
Zeinu eta hizkuntzen nahasketa bat da Refugiee poetique ikuskizuna: dantza eta antzerkia. Txintik esan gabe, komunikatzea bilatuko du kalean dabilen arlote txiro batek. Claire Ducreux da obrako antzezlea, eta "sentipenez betetako balada" bat eskaintzea da haren helburua. Horretarako kontatuko du arlotearen istorioa, eskale ahul eta sentibera batena: "Bizitzak ematen dion guztia hartzen duen pertsonaia antzeztuko dut. Eskultura bat dagoen lekuan, laguna ikusiko du; eta zubia dagoen lekuan, aterpea: aldi baterako etxebizitza".
Halere, ez dio esanahi zehatzik eman nahi obrari. Izan ere, ikusle bakoitzak bere irakurketa egitea da Ducreuxen xedea. "Gehiago gustatzen zait iradokitzea kontatzea baino, eta hortik aurrera, ikuslearena da boterea eta lana". Garrantzia ematen dio antzezleak norberaren hausnarketari, haren hitzetan, "unibertsoak soinu desberdina" duelako pertsona bakoitzaren baitan. Izan ditu, ordea, ideia zehatz batzuk antzezlana osatzeko: "Sinpletasuna, umiltasuna eta esker ona".
Erreportajea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.