2016ko aurrekontuak osatzeko lehen bilera parte-hartzaileak egin dituzte

Uztarria.eus 2015eko abenduaren 11

2016ko aurrekontuak eta legegintzaldirako asmoak herritarrekin elkarlanean lantzen ari da Udala. Dagoeneko bildu dituzte kaleko buzoietan eta webgunean herritarrek egin dituzten proposamenak. 30 ekarpen baino gehiago jaso dituzte eta asteburu honetan amaituko da ekarpenak egiteko aukera.

Udaleko ordezkariek, kirol, festa eta gizarte zerbitzuetako eragile eta taldeekin bilerak egin dituzte dagoeneko. Horretaz gain, Matxinbenta eta Elosiaga auzoetara ere joan dira ekarpenak jaso eta legegintzaldirako asmoak agertzera. Hurrengo astean Aratzerrekan, Nuarben, Urrestillan eta Lasaon egingo dituzte bilerak. Aurrekontuaz gain, auzo-alkateak aukeratuko dituzte batzar horietan. Izan ere, hautagairik ez da agertu horretarako zabaldutako izen-emate epean.

Prozesu parte-hartzailearen azken pausoa abenduaren 23an emango dute. Herritarrekin bilera irekia egingo dute eta, bertan, proposamen guztiak jasotzen dituen zirriborro bat egingo du Udalak. Herritarrek azken proposamenak egiteko aukera izango dute. Bilera ondoren, "azken zirriborroa osatu eta urtea amaitzerako aurrekontuak onartzeko asmoa" dutela azaldu dute Udaleko ordezkariek.

Hori dela eta, "herritarrek bileretan parte hartu eta euren proposamenak egitera" gonbidatu nahi ditu Udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide