Iritsi da Santo Tomas eguna, eta herritarrek hainbat ekitaldiz gozatzeko parada izango dute egun osoan zehar. Egun osoko jai eguna izango da gaur Azpeitian eta, urtero bezala, txorizoa eta taloa jateko aukera izango da plazan jarriko dituzten postuetan.
Goizean hasita festa giroa izango da nagusi herrian; izan ere, 10:00etan diana joko dute Izarraitz txistulari taldekoek. Ondoren, 10:30ean, Patxi Azkargortaren omenezko txapelketa finalak jokatuko dira Frontoi Txikian, aurrebenjamin, benjamin, alebin, infantil eta kadete mailetan. 11:00etan, Udal Musika Bandaren izango da kalejira egingo duena eta, ordu berean, Eltziegoko gaiteroak ere ibiliko dira kaleetan zehar.
Eguerdi partean izango dira eguneko hitzordu gehienak. 12:00etan, XXXIII. Euskal Antzerki Topaketetako saria banatuko dute udaletxean. Aurten, Gorakada antzerki taldea izan da irabazle, Moby Dick antzezlanarekin. Ordu berean, aizkolarien eta harrijasotzaileen jaialdia egingo da plazan. Herri kirol saioa hasteko, Juan Joxe Unanue Goenatxo II.-a omenduko dute Udalak eta herri kirol zaleek. Herri kirol jaialdian, Mikel Larrañaga eta Joxe Mari Olasagasti aizkolariek eta Estitxu Almandoz, Jon Unanue Goenatxo III.-a, Aimar Irigoien eta Idoia Etxeberria harrijasotzaileek hartuko dute parte. Aurkezlea Juanjo Sagastibeltza izango da.
Herri kirolen ordu berean Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, Euskal Herriko azken bi txapeldunak, ariko dira bertsotan kioskoan. Gai-jartzaile lanak, berriz, Sebastian Lizasok egingo ditu.
Goiz osoan zehar bertako produktuen azoka egongo da Berdura plazan. Eguerdi aldera, Itsasiko Ttuntturroen eta musika eskolako soinujoleen kalejira izango da. 13:00etan, aldiz, erraldoiak, buruhandiak eta dultzainariak kaleetan zehar ibiliko dira.
Santo Tomas eguneko arratsaldeko egitauari dagokionez, hitzordu bakarra izango da, Gazteen XV. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketa. Sanagustin kulturgunean egingo dute, 18:00etan. Kalean, ordea, festa girorik ez da faltako.