2015eko abenduaren 4an bilera bat egin genuen auzokideok Azpeitiko Udaleko bi zinegotzirekin eta jorratu genuen gai zerrenda hartako puntu batean, Hondakinei edo Zaborrei zegokionarekin zehazki, ez aurrera eta ez atzera geratu ginen guztiok, erabateko ezintasunarekin. Behin bilera amaituta, auzokideok gaur egungo egoera jasotzen duen ohar hau prestatzea adostu genuen.
Lehenik eta behin hondakinei buruzko informazio ez nabaria salatu nahi dugu, gaia tabu balitz bezala. Agintariek nahiago dute gai honen aipamenik ere ez egitea eta, orokorrean, arazo honi buruzko jendearen ezagutza oso eskasa da.
Guk ez dugu gure burua alderdien politikarekin nahastu nahi. Gu irtenbidearen bila gabiltza, egiaren bitartez, kudeaketa egoki baten eskutik eta biztanleria arazoaz jabetzearen bidetik.
Urola Erdia Mankomunitatea zazpi herriz osatuta dago: Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama. Lapatxeko zabortegia Urola Erdiko Mankomunitateko kide da eta azken hau, era berean, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari lotuta dago.
Partzuergo hau Gipuzkoako Foru Aldundiak eta zortzi mankomunitatek osatzen dute: Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, San Markos, Sasieta, Urola Erdia, Urola Kosta eta Txingudi. Bestalde, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergo honek GHK (Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa) izeneko merkataritza-elkartea sortu zuen, Gipuzkoako lurraldeko hondakinekin zer ikusia zuten hainbat zerbitzu kudeatzeko.
Azpeitiko Lapatxeko zabortegia oso gertu kokatzen da Elosiaga Auzoko Bekoa gunearen ingurutik eta, ondorioz, bertako bizilagunek usain nazkagarriak jasan beharrean aurkitzen dira, ezin dituzte etxebizitzetako leihoak ireki, inork nahi ez dituen arratoiak ugaritu zaizkie eta, gainera, kezka areagotu zaie usain eta gas hauek guztiek biztanleen osasunean eragin ditzaketen ondorio kaltegarriengatik.
Lapatxeko zabortegia 1988an jarri zuten lanean, Urola Erdiko Mankomunitatea osatzen duten herriek sortzen zituzten hondakinak tratatzeko. Baina hondakinen kudeaketaren arloan Gipuzkoa jasaten ari den egoera larria dela eta, bertan biltzen dira beste mankomunitateetan jasotzen dituzten zaborrak ere.
Bestalde, 2008az geroztik lanean ari da Lapatxeko konpostatze planta. Baina planta horrek gaur egun kudeatu behar duen hondakinen kopuruak aise gainditzen du Lapatxek berak duen lan-gaitasuna.
Lapatxeko zabortegiaren itxiera agindu zaigu zenbaitetan, data zehatzak finkatuz gainera, baina gero ez dute behin ere hitza bete.
Azpeitiko Lapatxeko zabortegiak ia goraino hondakinez beteta duen lehen maila bat du. Baina maila honen gainetik GHK merkataritza-elkarteak garrantzi handiko obrak egin eta beste bigarren maila bat prest jarriko ote duen arrisku handia dago, lan horiek burutzeko baimena eskuratua baitu. Are eta gehiago, balegoke oraindik beste hirugarren maila bat prestatzeko aukera ere izatea, baina GHKk ez du horretarako obra-baimenik.
Gaur egungo martxarekin, Lapatxeko zabortegiaren oraingo lehen maila 2016ko maiatzerako beteko litzateke. Urola Erdiko Partzuergoaren biltegiratze beharrak aurreikusita, ordea, Azpeitiko Udalak gutun bat bidali dio GHKri aipatutako maiatzeko data hori aurreratu nahi lukeela adieraziz eta 2016 otsailaren 3an ondoren Lapatx betetzat eman, hau da, aurreikusitakoa baino lau hilabete lehenago.
Azpeitiko Udala eskuak loturik eta ezinean aurkitzen da. Gainera susmoa du GHK Lapatx desjabetzeko asmotan ote dabilen, guztion onerako izango delaren argudioarekin, zabortegiak horrela luzaroan irekita jarrai dezan.
Azpeitiko herriarentzat zaborren gaia buruhausterik handienetakoa da. Egoera benetan bidegabea egin zaio: beste mankomunitateak eta Gipuzkoako gainontzeko herriak gehiago edo gutxiago eroso eta lasai aurkitzen dira, zaborren arazoa oso urrutitik ikusteaz gain ez baitute ondorio zuzenik jasaten.
Badirudi politiko trebe batzuen kudeaketa nahiko izan beharko lukeela 700.000 biztanle dituen lurralde honen zaborren arazoa behingoz konpon zedin.
Azpeitia, gaur egun eta zaborrei dagokionez, informaziorik gabeko herria da, dagoen horretara jarri dena. Ohar honek herritarron kontzientziak, barruak astindu nahi lituzke, arazo honen aurreko guztion konpromisoari dei eginez. Jakitun gara, bai, udaletxea benetako ahaleginak egiten ari dela Lapatxeko arazo hau konpontzearen alde eta itxaropena jarri nahi dugu epe laburrean egingo diren zenbait bilera garrantzitsutan.