Ez adiorik...

Uztarria.eus 2015ko abe. 6a, 15:40

Orain askok eraitsi nahi dituzten eskubideen defentsan, gure autogobernuaren oinarriak finkatzen, bidegile lanetan aritu zen buru-belarri. Orduan zein ondoren, zubigile izan da, ekimenez eta espirituz. Gizon jantzia, bere sinesmenei eta inguruari emana, konbentzimendurik sutsuenak baretasunez defendatzen edo ideiarik urrunenei patxada eta begirunez aurre egiten zekiena. Begirada garbia, tratu atsegina, tranparik gabeko diskrezioa, izate xumea. Xumetasunak ematen die handitasuna adimenik distiratsuenei.

Politikaren ur handitan murgilduta ibili ondoren, urte askoan irakaskuntzari, hezkuntzari eskaini zion denbora eta arreta, ehunka gazterengan txertatu ditu jakintzaz haragoko dohainak: zuzentasuna, ekimena, norbanako zein kolektiboen eskubideen eta burujabetzaren garrantzia, etika...

Patxadan bizi zen orain. Getariako Askizun mezatan izan zen iragan igandean, beste askotan bezala, txakolin pixka bat edanez emaztearekin eta lagun batzuekin solas gozoan. Biharamunean izandako iktusak herioren aurkako borrokan atxiki du zenbait egunez. Azkenik, Euskararen Nazioarteko Egunean eman zuen azken arnasa gure hizkuntzari arnas ematen hainbat lan egindako gizonak. Ez adiorik...

Pako; hileta kanpaiak entzun

ditut gaur arratsaldean,

zotin itoa, samin etsia

nabaritzen da airean.

Hainbeste fede zenion Jauna

hasi zen zure galdean

eta aurretik joan zirenak

pozez txoratzen daude han...

Eredu ederra emanik bizi

emankor bezain xumean,

azken arnasa eman zenuen

Euskararen Egunean,

baina arnas hori bizi-taupada

da gure oroimenean,

zu maite izan zintugun denon

bihotzaren barrenean.

(Xabier Euzkitzek abenduaren 6ko 'Noticias de Gipuzkoa' egunkarirako idatzitako iritzi artikulua da hau)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide