Iraurgi SBk eta CD Ibaetak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin, "emakumezkoen saskibaloiak luzaroan iraun dezan" akordioa erdietsi dute. Hala, Gipuzkoako gorengo mailetako bi klubek hitzarmen historikoa sinatuko dute zapatuan. ISBk jakinarazi duenez, ekonomikoki "izugarrizko esfortzua" da maila gorenean bi kirol proiektu mantendu ahal izatea, "instituzioek halako proiektuak ia osotasunean finantzatzen zituzten garaiak joan dira-eta".
ISBko nesken igoera tarteko, Gipuzkoako bi klub (ISB eta Ibaeta) ari dira lehiatzen Emakumeen Lehen Mailan. "Hori dela eta, Aldundiak euren laguntza jaso nahi bagenuen, gaia ondo aztertzeko eskatu zigun, epe ertain edo luzera irteera bilatzeko kontuari. Aldundiaren laguntza jasotzeko akordio koherenteak egin behar izan ditugu, aurrera begira ondo iraungo duen egitura sendo bat eratzeko", azaldu dute ISBkoek.
Bi klubek kirol egoera zein den "argi" zutela azaldu dute: "Ez zitzaigun gehiegi kostatu gure emakumeen saskibaloiaren kirol osasuna bermatzeko behar diren ildo nagusiak adostea. Bi klubok hartu dugu batera lan egiteko konpromisoa; jokalari gipuzkoarrak hezi eta formatzeko, saskibaloiaren elitean lehiatzen jarraitu ahal izateko".
Datorren denboralditik aurrera, Gipuzkoako emakumeen saskibaloiak egitura sendoa izango duela aurreratu dute: "Jokalariek dagoeneko ez dute beraien talentua erakusteko etxetik kanpora joan beharko, Gipuzkoan bertan errendimendu goreneko bi kirol proiektu edukiko baituzte", azaldu dute ISBko kideek.
Harrobiko lana
ISBk dioenez, Azpeitiko eta Azkoitiko klubak eta CD Ibaetak "garrantzia handia" ematen diote harrobiko lanari. "Iraurgik 11 talde ditu beheko mailetan eta, guztira, 218 neskek osatzen dute harrobia. IDK Gipuzkoan, berriz, Donostiako beste klub batzuekin dituen akordioei esker, 450 neskak hartzen dute parte", esan dute.
"Harrobiko lan horren erakusle garbiena da Emakumezkoen Lehen Maialko lehen 12 jardunaldietan 18 jokalari gipuzkoarrek jokatu ahal izan dutela: 6k IDK Gipuzkoaren taldean eta 12k Añares Rioja ISBn", azaldu du ISBk.
Zapatuan lehia
Zapatuan akordioa erdiestearekin batera, emakumeen bi taldeek indarrak neurtuko dituzte ligako jardunaldian. 19:00etan izango da Añares Riojaren eta IDK Gipuzkoaren arteko neurketa, kiroldegian. ISBkoek azaldu dutenez, "bi klubentzat festa eguna izango da, senidetasun bazkari eta guzti, eta partida hasi baino ordu erdi lehenago, kantxa gainean, hitzarmena sinatuko da, instituzioetako ordezkariak bertan direla".