Kirol Patronatua 2016ko kuotak kobratzen hasiko da aurki

Uztarria.eus 2015eko abenduaren 17a

Hori dela eta, hobariak jasotzen dituzten guztiei eskabideak egiteko deia egin die Udaleko Kirol sailak. Datorren urtean, zenbait erabiltzailek egindako eskariak kontuan hartuta, igerilekuaren abuztuko ordutegia zabalduko dutela jakinarazi du Udalak. Hala, abuztuko bigarren hamabostaldian goizez eta arratsaldez zabalduko dute igerilekua.

Azpeitiko Udal Kirol Patronatua 2016ko kuotak kobratzen hasiko da laster, eta hobariak jasotzen dituzten guztiei eskabideak egiteko deia egin die Kirol sailak. Erretiratuek eta pentsiodunek %25eko beherapena jasoko dute, langabetuek %35ekoa (sendi edo familia abonuetan bi bikotekideek egon beharko dute langabezian %35eko deskontua jasotzeko; bietako bat lanean ari bada ez dute beherapenik eskuratuko) eta 18 urtetik gorako ikasleek %25eko deskontua; Lan Erregulazio Txostenen baten pean dauden herritarrek ez dute beherapenik jasoko. "Batez ere, sendiko abonu barruan dauden 18 eta 25 urte bitarteko seme-alabei eta langabezian dauden gizon nahiz emakumeei eskabideak egiteko deia egiten diegu, ziurtagiriak aurkeztu gabe ezinezkoa izango delako beherapena egitea", azaldu dute patronatutik.

Familia ugariek urteko kuotan ez dute beherapenik izango; baina familia ugari bereko hiru seme-alaba edo gehiago hilabete berean ikastaroren batera joaten badira (ikastaro desberdinak izan daitezke), adin txikiena duenaren hilabete horretako ikastaroa doakoa izango da. 

Bestalde, Kirol Patronatuaren kuota ordaintzeko arazoak dituzte familietako haurrentzat bekak eta diru-laguntzak ere badirela gogorarazi du Udalak. "Orainketa aldi batean egin beharrean bitan egiteko aukera eskaintzen dugu edo ordaindu ezin duenak, Gizarte Zerbitzuetan bekak eta laguntzak eska ditzake, inor kirola egiteko aukerarik gabe gera ez dadin", azaldu du Udaleko Kirol batzordeburu Estitxu Elduaienek.

Eskaintza hobetuz

Kirola Patronatuak azaldu du helburua "erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzea" dela, eta Elduaienek esan duenez, "etengabe hobetzeko ahaleginetan segiko dugu". Asmo horri jarraikiz, eta zenbait erabiltzailek egindako eskariak kontuan hartuta, datorren urtean abuztuko ordutegia zabaldu egingo dute. Hala, abuztuko lehen hamabostaldian itxita egongo da igerilekua, baina bigarren hamabostaldian orain arte baino ordutegi zabalagoa izango du; goizez eta arratsaldez izango da irekita, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Horrez gain, bazkideek ohiko abantailez gozatu ahal izango dute: ikastaroetan deskontuak, sauna, boulderra, eta tenis nahiz padle pistak doan erabili ahal izango dituzte. Gainera, gimnasioko monitore zerbitzuaz ere baliatu ahal izango dira, dohainik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide