Herritarrekin bilera irekia egingo du Udalak asteazkenean, Denon Artean prozesuaren barruan

Uztarria.eus 2015eko abenduaren 18a

2016rako aurrekontuen lehen zirriborroa aurkeztu eta legegintzaldirako asmoak azalduko dituzte batzar horretan. Udaletxeko Areto Nagusian izango da, 19:00etan.

Datorren urteko udal aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesuarekin jarraitzen du Udalak. Auzoetan eta arlokako bilerak egin ondoren datorren asteazkenean, abenduak 23, herritarrekin bilera irekia deitu du, 2016rako aurrekontuen lehen zirriborroa aurkeztu eta legegintzaldirako asmoak azaltzeko helburuarekin.

Udaletxeko Areto Nagusian izango da batzarra, 19:00etan. Herritarrei parte hartzeko gonbidapena luzatu die Udalak, "azpeitiarren elkarlana ezinbestekoa baita Udalarentzat. Eragile ekonomikoak, taldeak, herritarrak, Udala... Azpeitia denon artean eraiki behar dugu", nabarmendu dute beste behin udal arduradunek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide