Harrera beroa egin diote herritarrek Santo Tomas Egunari

Uztarria.eus 2015eko abenduaren 21a

Goizeko hamaikak alderako hasi da plaza girotzen. Santo Tomas eguna izanik, egueraldi aparte lagun, ehunka eta ehunka herritar atera dira kalera. Plazan hainbat postu jarri dituzte eta herritarrek txorizoaz eta taloez gozatzeko aukera izan dute. Baserritar jantziak hartu du presentzia, beste behin, Azpeitian, Santo Tomas Egunez.

Goiz partean ez da festa eta aldarririk falta izan. Izan ere, diana, dulatzaineroak, ttuntuurroak udal musika banda nahiz erraldoi eta buruhandiak izan dira Alde Zaharreko kaleetan. Gainera, Patxi Azkargortaren omenezko pilota txapelketako finalak jokatu dituzte Frontoi Txikian eta hura ere leporaino bete da. Horrez gain, XXXIII. Euskal Antzerki Topaketetako saria ere banatu dute udaletxean; Gorakada antzerki taldea izan da irabazlea Moby Dick antzezlanarekin eta 600 euroko diru-saria jaso dute.

Eguerdi partean, gainera, Juan Joxe Unanue Goenatxo II.a omendu du Udalak. Eneko Etxeberria alkateak oroigarria eman dio azkoitiarrari, hainbat urtez Azpeitiko Santo Tomasetako herri kirol erakustaldian parte hartu duelako. Ondoren hasi da herri kirol erakustaldia, eta Mikel Larrañaga eta Joxe Mari Olasagasti aizkolariek eta Estitxu Almandoz, Jon Unanue Goenatxo III.-a, Aimar Irigoien eta Idoia Etxeberria harrijasotzaileek hartu dute parte. Herri kirolen ordu berean Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus aritu dira bertsotan, kioskoan. Gai-jartzaile lanak, berriz, Sebastian Lizasok egin ditu. Goiz osoan zehar bertako produktuen azoka ere izan da Berdura plazan. 

Betalde, Azpeitiko suhiltzaileek euren lan egoera azaltzeko-eta postua jarri dute Goiko kalean, eta Urrestillako zenbait bizilagun Gipuzkoako Foru Aldundiari bidegorria egiteko eskatzeko sinadurak biltzen aritu dira.

Santo Tomas eguneko arratsaldeko egitauari dagokionez, hitzordu bakarra izango da; Gazteen XV. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketa. Sanagustin kulturgunean egingo dute, 18:00etan. Kalean, ordea, festa girorik ez da faltako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide