Iker Belintxonek eta Maider Aginagak irabazi zuten atzo, Santo Tomas eguna, Azpeitiko Gazteen XV. Dantza Suelto Txapelketa. 18 bikote aritu ziren lehian Sanagustin kulturguneko oholtzaren gainean, eta Lezokoek egin zuten lanik onena, epaimahaikoen aburuz. Julen eta Nagore Berrondo (Errezil) sailkatu ziren bigarren tokian, Anaitz Lizartza eta Itziar Bastida (Azpeitia) hirugarrenean, Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga (Bergara) laugarrenean, eta Gorka Kerejeta eta Ania Irigoien (Azpeitia) bosgarrenean. Dantzari onenen sariak, berriz, Elduaingo Maialen Mariezkurrenak eta Bergarako Julen Murgiondok jaso zituzten. Eta Errezilgo Unax Labakarentzat eta Ekhiñe Uzkudunentzat izan zen bikote gazteenaren saria.
Urtero legez, jende askok jarraitu zuen txapelketa Sanagustinen. Sari banaketaren aurretik, txapelketa antolatzeaz arduratzen den Luix Alberdi Beltza-k omenalditxoa jaso zuen, aurten 16 urte bete eta gazteen mailan azken aldiz lehiatu ziren bere ikasleen eta haien gurasoen izenean.