Geuk ere sarritan jartzen dizkiogu geure buruari erronkak. Astelehenean hasita, egunero kirola egiten hasiko naiz edo erretzeari utziko diot, modukoak. Astero jarri eta astero jan ohi ditugun erronkak, hain zuzen. Norbere bere buruari jartzea gutxi ez, eta soziedadeko mahaian besteei jartzen ere iaioak gara. Biharamunean damutzeko erronkak izaten dira askotan. Sega sekula ukitu ez duten lagunak ere ikusi ditugu sega erronka bati aurre egiten. Hortik atera kontuak.
Egunotan ez da erronka faltarik inguruan. Behobia-Donostia lasterketa gertu den honetan, serie, pultsazio, denbora nahiz zapatilak dira denon ahotan. Eta iritsiko da udaberriarekin Quebrantahuesos proba entzutetsua ere.
Nagusiki, kirol kontuekin lotu ohi ditugu erronkak. Baina badira beste mota batekoak ere. Bada azkenaldian, Euskal Herrian bolo-bolo darabilen bat. Herri batzuk erronkari aurre egin diote dagoeneko. Beste batzuk prestaketetan dabiltza buru-belarri. Eta Azpeitia?
Hor duzue herri bezala erantzuteko erronka: Azpeitiarrek erabakiko al duzue zuen etorkizunaz? Noiz egingo duzue herri kontsulta?
Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.