Zorion hitzekin gatoz Sanjuandegiko azoka amaitu eta 4 egunera. Zorion hitzak, bestelako harreman, kontsumo eta aisialdi eredu bat eraikitzea lortu genuelako bertan bi egunez. Horren isla izan zen Jose Antonio Agirre plaza larunbat goizez, mila koloretako 20 postutik gora bildu baikinen bertan: baserritarrak, artisauak, merkatariak, 2. eskuko materialen postuak, jan-edaneko eskaintza, herriko taldeen txokoak, kale animazioa... Baita ostiral arratsaldeko kultur emanaldiak edo umeentzako prestatutako egitarau propioa ere.
Zorionak, azokan zuzenean edo zeharka parte hartu duzuen herritar guztioi, postuaren atzean zein aurrean, guztiok osatzen baitugu azoka. Eta nola ez, zorionak antolaketan jardundako guztioi ere. Izan ere, salerosketarako gunea baino askoz gehiago da azoka, besteak beste, elkarlanerako topagunea antolaketan gabiltzanontzat. Bide horretan topatu gara Azoka Herritik dinamikako partehartzaileok, Xanjuandei Auzolanekoak, Udala eta beste haimaika norbanako azokaren aurreko asteetan.
Iaz bezala, 'Azoka Herritik, herria auzoetatik' lemarekin egin dugu bi egunez Sanjuandegiko azoka. Eta bigarren edizio hau ere amaitu den arren, azokaren izaera eta filosofiak aurrera jarraitzen du. Elkarlanean oinarritutako dinamika da Azoka Herritik, tokiko ekonomia oinarri duena, jasangarria, anitza... Hau guztia eguneroko bihurtzea da gure erronka. Auzoak, plazak eta kaleak dira horretarako espazio, eta gu, herritarrok, protagonista.
Beraz, Sanjuandegiko azoka igaro berritan, erronka honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu herritarroi. Azoka bera bezala, mila koloretako ekarpenak izan daitezke horretarako tresna, azoka beste auzoetara zabaltzea esaterako, edo Berdura Plaza berritua eguneroko topagune bilakatzea. Ibilbide luze bezain polita dugu egiteko, ekin diezaiogun beraz!