Azpeitiko 'zirkulutzarra'

Erabiltzailearen aurpegia Maite Garmendia 2015ko abe. 24a, 17:16

Madrileko M15 mugimenduko kanpaldiak-eta ikusi nituenean poz hartu nuen. Poza eman zidan 'sistemaren' barnean sortu zen ustelkeria itzelaren aurrean ixil-ixil egotetik, udaberriak dakarren biziberritzearekin batera haserreari eta amorruari bide ematen zion protesta modu berri bat sortzen ari zela ikusteak. Zirkuluak edonon batzar bidez erabakitzeko.

Donostian ere zerbait ikusi nuen. baina dezentez xumeagoa. Azpeitian ezer ez.

Han sortu zen hartatik, apurka-apurka eratzen eta egituratzen hasi zen hura gaur daukagun alderdi politiko berri bat da. 'Sistemak' dituen gabezia, bidegabekeria, injustizia askori erantzuna ematen saiatu da, kalera atereaz protesta egin eta indarrez aldarrikatzera.

Eskola publikoaren alde, osasun-sistema publikoaren alde, desjabetzeen kontra, emakumeenganako indarkeraren kontra, iruzurraren kontra... argi eta garbi altxatu du ahotsa.

Europakoen ondoren (orduan ez ziren hain ezagunak) azken hauteskunde orokorrak izan dira, beraientzat hain garrantzitsuak zirenetan hain zuzen, bere indarra eta sostengua neurtzeko aukera.

Jendeak eman dion erantzuna itzela izan da eta Hego Euskal Herrian bozka gehien jaso duen alderdi bihurtu dira.

Azpeitiko 'zirkuluak' 1.006 kide dituela ikusi dut. Eta galdetu diot neure buruari: zein azpeitiar ote dira horiek denak? Plaza Nagusian irudikatu nahi ditut denak proposamen politiko ausartei bi eskuak gora altzatu eta txalo ixilekin adostasuna ematen. Aterako al lirateke denak kalera injustizia denei ahotsa altxatzen kolore bateko edo besteko kamixeta jantzita?

Zer arrazoi izan dute hainbeste azpeitiarrek alderd horri bozka emateko? Alderdi 'zaharrekiko' asperdura? Beraien mezua hobeto iritsi zaigu? Tresna bat dira Madrilgo gobernuan guk hemen ditugun helburu batzuk lortzeko? Bozka 'utila'? Denborak esango digu.

Orain jada kalea utzixeago dute eta bulegoetan dabiltza lanean jo ta ke, etorri zaienari bidezko erantzun bat eman nahian. Zortea eta indarra opa diet, beharko dute eta.

Emaitzarik onenak, dena den, Estatuko nazio desberdinetan jaso dituztenak izan dira. Demokrata bezala esan dute, autodeterminazioa herrien eskubidea dela eta erreferenduma herriari galdetzeko tresna. Horiek marra gorri bezala jarri dituzte beraiekin paktatu nahi dutenentzat.

Hemendik aurrera bide luzea bezain interesgarria dugulakoan nago eta, Euskal Herrian helburu berdin askorekin bat egiten dugula jakinda, bidezkoak eta justiziazkoak diren helburuen defentsan borrokan eta mobilizazioetan elkartuko garelakoan nago

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide