Olentzero, Mari Domingi eta Jaiotzaren korua, Gabon iluntzea alaitzeko

Uztarria.eus 2015ko abe. 24a, 20:02

Ikusmina, urduritasuna eta festa usaina. Osagarri horiek airean izan dira gaur arratsalde-iluntzean Azpeitiko Alde Zaharreko kaleetan. Denak zeuden Olentzeroren eta Mari Domingiren zain, eta Gabon eguneko bi pertsonaia kuttunenek ez dute hutsik egin. 17:00ak pasatxoan ekin diote kalejirari idiek zeramaten gurdian, ohi duten bezala, eta herritarrez inguratuta. Olentzeroren eta Mari Domingirekin batera ibili dira kaleetan ttuntturroak, txistulariak, trikitilariak, dantzariak eta ikasleak, azpeitiarren harrera beroaren erakusgarri.

Hitzordu nagusia, baina, plazan zuten. Kalejira martxan zela ere batzuk hantxe gelditu dira, tokia hartzeko, Olentzeroren eta Mari Domingirengana joan eta gutunak eman edota haiek emandako gaztaina erreak jasotzeko prest. Ume ilara luzearen txanda iritsi aurretik, dantzariek aurreskua eskaini diete, koruak Gabon kantak abestu ditu kioskoan eta Xebastian Lizasok pare bat bertso.

Plazara gerturatu den bestea Jaiotza izan da. Handik abiatu dute urteroko kalejira, koruko eta kantujirako lagunekin batera. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide