Alejandro Amenabarren Mar adentro edo Los otros lanak onak iruditzen zaizkit, eta azken hori pelikula horien neurrian egongo zenaren esperantza nuen. Zenbat aldiz ikusiko nuen telebistan Regresion pelikularen estreinaldiaren iragarkia... Agian, hori izan da eragin didan gauzetako bat; marketing gehiegi egin diotela pelikulari, eta filma ikusi aurretik nituen espektatibak altuagoak zirela ikusi eta gerokoak baino.
Minutuek aurrera egin ahala, istorioak indarra galtzen du. Batzuetan, beldurrak, deabruak eta erritu satanikoek erakargarri egiten dute pelikula, funtzionatzeko modukoa, baina hau ez da horietakoa. Angelak bizitako torturek ez didate inolako estuasunik eragin, eta bizipen errealetan oinarritutako pelikula izanda, hoztasuna bakarrik transmititu dit. Filma aurrera doan heinean argumentua eta misterioa erortzen doaz apurka-apurka, aurreikusi daitekeen amaiera eman arte.
Erritmo, tentsio eta misterio gehiagoren falta sumatzen dut Amenabarren azken lanean. Filmaren amaiera aldera nabarmen galtzen du indarra, ebazpena egiterako orduan oso gutxi arriskatzen baitu zuzendariak, eta filmari amaiera eskasa ematen diola iruditzen zait. Pelikularen 'akatsik' garrantzitsuena zer gertatuko den erraz aurreikus daitekeela da. Pista bat ematen duenean, berehala argitzen da enigma eta horrek interesa galtzea eragiten dio ikusleari.
Alejandro Amenabar izen handiko zinemagilea da eta ekoiztu zuen bere azkenengo pelikulatik sei urte pasatu direla kontuan izanda, motz geratu dela iruditu zait. Sekuentzia onak ere badituela kontuan hartu beharko nuke, baina ez zait nahikoa iruditzen Amenabarrentzat, are gutxiago filma 18 milioi euro kostatu dela jakinda.
Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.