Non eta noiz egin zenituen 9a mailako bi bideak?
Biak abenduko zubian egin nituen. Lagun talde batekin joan nintzen Kataluniara, Tarragonan dagoen Siuranara, eta han egin nuen lehenengoa. Bide horren izena Estado critico da. Batetik, lehendik begiz jota neukalako aukeratu nuen. Gustatzen zaizkizun bideak aukeratzera joaten zara, ez bakarrik zailtasunari begiratuta; kasu honetan, gainera, zailtasun maila hori zeukan. Bestetik, joan nintzen lagun taldeak ere leku horretara joan nahi zuen eskalatzera. Zailtasun jakin bat duten bideak egiteaz gain, lagunartean egotea gustatzen zaigu. Bigarren bidea, berriz, bidaia hartatik bueltan gentozela egin nuen. Kataluniatik itzulerakoa Lleidatik Huescan barrena egin genuen eta Vadillon geratu ginen. Han 9a zailtasuneko beste bide bat dago, Supernowa. Iaz bertan egon nintzenean ondoko beste bide bat eskalatzea lortu nuen eta, beraz, hura ere 'fitxatuta' neukan. Eta, bolada onean geundela ikusita eta bidaia aprobetxatuz, saiatzea erabaki genuen.
Zer izan zen gehien kostatu zitzaizuna?
Bigarren bidea egitea, Supernowakoa. Asteburuarekin lotuta, guztira bederatzi egun egin genituen kanpoan, eta bueltako bidean gelditu ginen Huescan. Kataluniako egonaldian sasoi aldetik goi-goian sentitzen nintzen bezala, etxerakoan jada beheraka nindoan, nekea ere gero eta handiagoa zen. Vadilloko bidea probatu, eta egiteko aukerak ikusten nituen, baina nagia ere handia ematen zidan: gorputzeko mina, azala, neka-neka eginda nengoen... Psikologikoki horri aurre egitea izan zen zailena; 'hemen nagoenez, ahalegina egingo diat' esatea. Bestela, nahiko erraza izan zen, ingurukoek ere erraztu egin zidaten.
Prestaketa berezirik egin al zenuen?
Bi bideak egiteko ez nintzen bereziki prestatu, bai ordea lehen bidea egiteko. Banekien data horietan kanpora gindoazela eta ordurako forman egoteko prestaketa zehatz batzuk egin nituen, sasoi onean egoteko eta behin kanpora gindoazela aukerarik ez galtzeko. Beti ez da sasoi onean egotea egokitzen eta kasu honetan asmatu nuen.
Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Ona. Normalean, zailtasunezko bideak lortzen dituzunean hala izaten da, baina batzuetan lan gehiago ematen dizute. Ez da gauza bera zu bizi zaren lekutik gertu eskalatzen ibiltzea; horrelakoetan zeuk erabakitzen duzu batera edo bestera noiz joan, sasoiko zaudenean joaten zara. Kanpora joatea desberdina da. Kanpora joateko aukera sortzen zaizunean, lagun talde batekin jai egun zehatz batzuetan, denei ondo datorkielako... hor egokiera sortzea zailagoa da. Oraingoan, ordea, aste horretan fisikoki sasoian egotea kointziditu dit. Lagunekin nengoen, bideak egitea lortu nuen... Esperientzia ona izan da, bai.
2015. urtearen inguruko zer balorazio egiten duzu?
Urte ona izan da. 9a-ko bi bide hauek egin ditut eta oso gustura nago baina horietaz aparte urtean zehar ere beste bide asko egin ditut. Zenbakiei begiratuz gero ez dute horrenbesteko zailtasuna fisikoki. Baina badaude bide eta pareta batzuk, esaterako Naranjo de Bulnesen edo Ordesan dauden batzuk, zenbaki baxuagoak dituztenak baina izugarrizko prestaketa psikologikoa eta konpromisoa eskatzen dutenak. Abentura handiko bideak dira eta horietako asko egin ditut eta oso gustura nago. Izan ere, kirol eskalada mailako bideak nahiz maila alpinokoak egin ditut eta emaitza onak lortu ditut bi kasuetan; goi mailari eutsi diot eta hori ez da erraza izaten.
Zenbat denbora eskaintzen diezu entrenamenduei astean?
Lehen astelehenetik ostegunera entrenatzen nuen eta ostiralak soilik hartzen nituen deskantsatzeko. Asteburuetan, aldiz, haitzetara joaten nintzen eskalatzera. Denborarekin konturatzen zara, baina, ez dela hobeagoa zenbat eta gehiago eskalatzea eta azken boladan astean hiru egunetan entrenatzen dut. Beste era bateko entrenamenduak egiten ditut astean zehar eta asteburuetan beti eskalatzera joaten naiz haitzetara.
Entrenatzaile bezala ere ibiltzen zara.
Bai. Orain dela hiru urte hasi nintzen entrenatzaile lanetan eta oso gustura nago. Iruñeko Rocopolis eskalada zentroan aritzen naiz irakasle bezala, han bizi naiz eta. Hasieran ez nekien ea lana ondo egiten ari nintzen edo ez, irakasle bezala ari nintzen lehen aldia baitzen. Denborarekin ikusten dira emaitzak,ordea, eta gazteak ikasten ari direla ikusteak poza ematen du. Gazteekin nahiz helduekin ibiltzen naiz baina gazteekin bereziki da polita esperientzia, azkar ikasten baitute eta denbora gutxian izugarrizko aurrerapena antzematen baitzaie. Niretzat mundiala da, irakasteaz gain ikasi ere egiten dudalako.
Helbururik ba al duzu 2016rako?
Bai, ia beti izaten ditugu helburuak. Urtea nahiko lasai hasi badut ere laster jarriko naiz berriro martxan entrenamenduekin. Haitzetara eskalatzera joaten jarraituko dut, noski, eta zailtasuneko bideak egiteko asmoa dut; saiatu behintzat egingo naiz, baita emaitzak hobetzen ere. Izan ere, aste baten bueltan 9a mailako bi bide egin ditudala ikusteak erakutsi dit prestatuz gero posible dela. Gainera, orain beste pista bat ere badaukat, badakidalako ze prestaketak eman dizkidan emaitza onak. Aurten hortaz baliatuko naiz emaitzak hobetzeko.