500 jostailu inguru bildu dituzte baliabide urriak dituzten umeentzat

Uztarria.eus 2016ko urtarrilaren 7a

Solidaridad y Esperanza elkarteak jarri zuen martxa jostailuak biltzeko ekimena Gabonen bueltan. Elkar-Ekin taldeari eman dizkio guztira batu dituzten jostailuak, Azpetian baliabide urrien dituzten familietako umeei banatzeko. 

Guztira 500 jostailu inguru bildu ditu Solidaridad y Esperanza elkarteak, Gabonen bueltan jostailuak jasotzeko martxan jarri zuen ekimenean. Orain dela urtebete inguru sortu zen Solidaridad y Esperanza, gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntza ematea helburu. Bildu dituzten jostailuak Elkar-Ekin taldeari eman dizkiote, Azpeitian behar handien duten familietako umeei banatzeko.

'Jostailu bat ume baten irribarrea lortzeko' leloarekin abiatu zuten ekimena eta ez da txikia izan jaso duen babesa. Guztira, 500 jostailu inguru bildu dituzte Urola Erdiko, Zarauzko eta Donostiako enpresa eta saltokiei esker.  

"Izugarria izan da ekimenak jaso duen babesa, eta eskerrak eman nahi dizkiogu euren alea jarri eta jostailuak eman dituzten herritarrei, baita ekarpena egin duten saltokiei ere" adierazi du Sergio Gomez Solidaridad y Esperanza elkarteko presidenteak. Horrez gain, azpimarratu du "gaur egungo egoera ekonomikoa ikusita, kanpainak "aurreikuspen guztiak gainditu" dituela.  

Joan den astelehenean, urtarrilak 4, Elkar-Ekin taldeari eman zizkion Solidaridad y Esperanza elkarteak bildutako jostailuak,"Azpeitian jostailurik gabe ume bakar bat ere ez gelditzea" helburu. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide