Azpeitiko Garmendipe futbol zelaiko emakumeen aldageletako hormetan zenbait zulo aurkitu zituzten orain dela aste batzuk eta gertaera gertutik jarraitzen ari direla adierazi dute Azpeitiko Udala eta Lagun Onak Futbol Elkarteak. Gertaera salatuta dagoela jakinarazi dute eta "zuhurtzia" eskatu dute kasua argitu bitartean.
Zuloak Lagun Onak Futbol Taldeak kudeatzen duen udal eraikin publikoan aurkitu zituzten, "nahiz eta aldagelak neska eta mutilek txandakatzen dituzten, neskak ohartu ziren gertaerez". Horreagatik Lagun Onak Futbol Elkarteak eta Azpeitiko Udalak emakumeen taldeari euren "elkartasuna eta babesa" eskaini nahi izan dizkiete.
Lagun Onak Futbol Taldea izan zen pasatzen ari zenaz ohartu eta "berehala" salaketa jarri zuena. Abenduaren 16an jarri zuten salaketa hain zuzen. Hala ere, Lagun Onakek adierazi du ez dela berak salatutako gertaeren erantzulea, eta "lehenbailehen kasua argitzeko" eskatzen duela.