Garmendipeko aldageletako zuloak "emakumeen kontrako eraso bat" direla nabarmendu du Azpeitiko Bilgune Feministak

Uztarria.eus 2016ko urtarrilaren 7a

"Zulo horiek ez dira kasualitatez emakume kirolarien aldageletan azaldu", diote, gertatutakoa kontestuan jartzea "ezinbestekoa" dela azpimarratuz. Kasua "berehala argitzea" exijitu dute.

Garmendipe futbol zelaiko emakumeen aldageletan zuloak agertu direla-eta lau puntuko adierazpena plazaratu du gaur, osteguna, Azpeitiko Bilgune Feministak. Bilgunekoentzat, zulo horiek "emakumeen kontrako eraso bat" dira eta "ez dira kasualitatez emakume kirolarien aldageletan azaldu". Antzeko gertaerak beste herri batzuetan ere jazo direla eta kontestuan jartzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute, kasua "berehala argitzea" exijitzearekin bat.

Hau da, osorik, Azpeitiko Bilgune Feministaren adierazpena:

  • Lehenik eta behin, zelatatuak, hau da, erasotuak izan diren emakumeei gure babes osoa eskaini nahi diegu.
  • Gertaera hau, beste herri batzuetan ere gertatu da. Eraso hau, beraz, ez da zerbait isolatua. Zulo horiek ez dira kasualitatez emakume kirolarien aldageletan azaldu. Honi dagokion garrantzia ematea ezinbestekoa da.
  • Ekintza hau emakumeen kontrako eraso bat da eta hala kontsideratua izan behar du jendarte osoaren eskutik. Baita instituzioen eskutik ere. Halako gertakariak jazotzea penagarria izateaz gain, ezinbestekoa deritzogu dagokion kontestuan jartzea; jendarte matxistaren ondorioa direlako eta erantzuna zein soluzioak jendarteko baloreen aldaketan kokatu behar direlako.
  • Kasuaren larritasuna kontuan hartu eta berehala argitzea exijitzen dugu. Era beran, Lagun Onak kirol elkarteari eta Udalari berari neurriak hartzea, berriz gerta ez dadin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide