Donostiako bus geltoki berria dela eta, urtarrilaren 16tik Gipuzkoanak ordutegiak eta ibilbidea aldatu egingo dituela irakurri dut. Azpeititik Donostiara doan lineak (UK01 Azkoitia>Azpeitia>Zestoa>Donostia) aldaketa kaltegarria izango du bidaiariontzat, Pio XII ean ez duelako geldialdirik egingo.
Jakin nahi nuke zer irizpide erabili duten Gipuzkoako Foru Aldundikoek eta Gipukoanakoek aldaketa hori egiteko. Kontuan izan dituzte Deustuko ikasleak, Amarara lanera joaten direnak, DNIa, Pasaportea, Podavines zentro ofizialak, Donostiako ospitala, Onkologikoa, Poliklinika eta abar?
Eta Donostiatik bueltan izango ditugun eragozpenak aipatu behar, Askatasunaren Hiribideraino joan beharko dugulako autobusa hartzera.
Konpentsazio moduan, autobusen maiztasun handiagoa jarriko dute, baina horrek ez du arazoa konpontzen. Egin dezatela beste autobus linea batzuek egingo dutena; Amaran geldialdi teknikoa egin jendea jaitsi dadin, alegia.
Aurrera joan beharrean, atzera pauso galanta guretzat. Hemen argi dago Foru Aldundiak ez gaituela kontuan eduki, zergak ordaintzerakoan eta zaborrak ekartzerakoan bakarrik gogoratzen direla gurekin.
Gobernu irekia, gardentasuna eta abar luze bat ageri dira Foru Aldundiko webgunean. Kasu honetan, behintzat, ez dute asko erabili.