Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Tene Mujika beka, eta Garateren Ekaitzaren zipriztinak proiektua saritu du Alberto Barandiaran, Idurre Eskisabel eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak. Ez du lehenengo saria azpeitiarrak, 2012an Rikardo Arregi Kazetari Berria Saria ere irabazi baitzuen. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen Garatek Leioan, EHUn. Gaur egun Berria egunkariko kazetaria da, azken 8-9 urteetan ekonomia sailean.
Tene Mujika beka irabazi berri duzu. Nola jaso duzu albistea?
Pozik eta sorpresaz. Gustura nago izango dudan aukeragatik, baina badut beldur puntu bat ere, ea nola ateratzen zaidan. Irakurrita ditut beka horrekin aurrez publikatu diren liburu gehienak, eta oso onak iruditu zaizkit. Horregatik diot sorpresaz hartu dudala, eta kezka pixka bat ere badudala.
Nondik sortu zitzaizun liburu hau idazteko ideia?
Batik bat kontziliazio arrazoi bat egon da tartean. Etxetik lan egiteko aukerak asko erakartzen ninduen, umeekin eta hobeto moldatuko nintzela ikusten nuelako. Begiratzen hasi nintzen ea zer egin nezakeen, eta beka honen deialdia irekita zegoela ikusi nuen, eta hala animatu nintzen proposamen bat aurkeztera.
Zein da lanaren helburua?
Liburuak funtsean kontatuko du azken urteotako egoera ekonomikoa nola ari zaien eragiten herritarrei.
Berria egunkarian aipatu bezala, makroa eta mikroa tartekatuko dira zure lanean. Nola?
Ez da zuzena. Egingo dudana da testigantzari lotuta erreportaje bat idatzi, gaiari ikuspegi orokorrago bat emateko.
Zer nolako garrantzia dute terminoek zure lanean?
Liburua antolatzeko modu bat dira terminoak, arinago egiteko. Azken urteotan ekonomiari buruzko albisteetan asko errepikatu diren hitz batzuk aukeratuko ditut (atzerria, langabezia, ikerketa, pentsioak, bankuak) eta termino horietako bakoitzari lotuta testigantza bat jasoko dut.
Ekaitzaren zipriztinak izenburua jarri diozu. Zergatik?
Gehienoi eragin digulako egoera ekonomiko berriak, gehienok zipriztindu gaituelako. Eta ez ezinbestean txarrerako, helburua ez da liburu erabat negatibo bat egitea, agertuko dira ekintzaileen kasuak, edota euren egoera berria baikortasunez ikusten dutenenak ere.