Ekainaren 5eko herri galdeketa

Independentziaren gaineko herri galdeketa egingo da Azpeitian ekainaren 12an

Uztarria.eus 2016ko urt. 16a, 15:09

Gaurko aurkezpeneko irudia. (Alex Berasategi)

Gaur aurkeztu dute Hitzartu, independentziaren gaineko herri galdeketa egingo duen gizarte taldea. Galdeketaren datarekin batera, galdera zein izango den ere zehaztu dute: Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar? Bai/ez. 150 herritarrek baino gehiagok babestu dute galdeketa euren sinadurarekin. 

Gaur, zapatua, Hitzartu elkartea aurkeztu dute, independentziaren gaineko herri galdeketa egingo duen gizarte taldea. Duela hiru urte sortu zen Gure Esku Dago herri ekimena, "herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da" mezuarekin. Modu askotako ekimenak antolatu eta egin ditu ordutik, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzerako bide horretan. Azpeitian, asmo horretan laguntzeko jaio da Hitzartu, "erabakitzeko eskubidea guztion topalekua dela sinetsita".

Iazko urritik, hamabost lagunek osatutako taldea bilerak egiten aritu da. Gaur aurkeztu duten herri galdeketaren nondik norakoa eta funtsa zehazteko. Gaur egin duten aurkezpen ekitaldian, 150 herritarretik gorak azaldu dio babesa egitasmoari. Presente izan dira aurkezpenean, sentsibilitate politiko ezberdinetako herritarrak, hainbat talde eragileetako ordezkariak eta norbanakoak.

"Erabakitzeko eskubidearen alde egonda, Azpeitian independentziari buruzko herri galdeketa egitearekin bat datozenen sinadura bilketa" egingo dutela adierazi dute Hitzartuko kideek. Horren harira, Azpeitiko biztanleen %10a baino gehiagoren, hau da 1.500 sinaduratik gora, babesa lortzea izango da martxoaren erdira bitartean duten helburua. Hori betez gero, herri galdeketa antolatuko dute Azpeitian. 

Herri galdeketa egitekotan, honakoa izango da galdera: Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?. Erantzun posibleak "bai" ala "ez" izango dira eta ekainaren 12an egingo da. Adostutako egunean 16 urte edo gehiago dituen Azpeitian erroldatutako pertsona orok izango du bere iritzia emateko aukera. "Helburu nagusia galdeketa egitea eta ahalik eta parte-hartze handiena lortzea" izango dela adierazi dute egitasmoaren bultzatzaileek. 

Sinadura emateko modua 

Azpeitian independentziari buruzko herri galdeketa egitearekin bat datozenek, sinadura emateko hainbat aukera izango dituzte. Alde batetik, Azpeitiko Gure Esku Dagoren lokalean sinatzeko aukera izango da, ondorengo ordutegian: astekehenetik ostiralera 17:30etik 19:30era eta astearteetan eta zapatuetan 10:30etik 12:30era. Bestalde, herriko leku zehatzetan eta auzoetan sinadurak biltzeko mahaiak jarriko dituzte. Data gerturatu ahala jakinaraziko dituzte leku eta egun zehatzak. 

Sinadurak biltzen lagundu nahi duten pertsonen taldea ere osatuko dute, "bakoitzak bere etxean, lantokian, lagun artean, sinadurak jaso ditzan". Lan horretan lagundu nahi duenak hitzartuazpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezake edo Azpeitiko Gure Esku Dagoren lokalera azaldu. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide