Ekainaren 5eko herri galdeketa

Sinadura bilketa egingo du Hitzartuk San Sebastian egunean

Uztarria.eus 2016ko urt. 18a, 15:05

Larunbateko aurkezpenean egin zen sinadura bilketako argazkia. (Hitzartu)

Goizetik gauera bitartean egongo da erabakitzeko eskubidearen alde sinadura emateko aukera. Plazan, plaza txikian, Olazko Amaren plazan edo Perez Arregin egongo da sinatzeko aukera. Behin festak pasata, aldiz, Gure Esku Dagoren lokala zabalduko dute sinadura bilketa egiteko. 

Larunbatean aurkeztu zuen Hitzartu elkarteak Azpeitian independentziaren inguruko herri galdeketa egiteko data: ekainaren 12a. Izan nahi al duzu euskal estatu independente bateko herritar? da galdera. Erantzuna, berriz, Bai edo ez izango da. "Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzera" igarotzea da Hitzarturen xedea, "eskubide hori herritar guztien topaleku dela sinetsita". Talde politikoez harago, elkarteak uste du "herritarren unea dela, denen artean erabakiak hartzekoa". 

Larunbatean aipatu zuten bezala, Hitzarturen "erronka" 1.500 sinadura biltzea da, "herri galdeketari zilegitasuna emateko eta herritarren parte-hartzea itzartzeko". Azpeitian erroldatutako pertsonen %10 dira 1.500 sinadura, eta "horren bila" doa taldea. Horretarako, San Sebastian egunean herrian zehar ibiliko dira Hitzartuko kideak, "herritarrei azalpenak ematen eta sinadurak biltzen". Goizetik gauera bitartean egongo da sinadura emateko aukera, plazan, plaza txikian, Olazko Amaren plazan edo Perez Arregi plazan.

Behin jaiak pasatuta, Gure Esku Dagoren lokala irekiko du Hitzartuk, "nahi duenak bertan informazioa jaso dezan eta sinadura eman dezan". Astelehenetik ostiralera 17:30etik 19:30era izango da zabalik lokala. Astearte eta zapatuetan, aldiz, 10:30etik 12:30era. Horrez gain, kalean ere ibiliko dira Hitzartuko kideak hemendik aurrera, herriko kale eta auzoetan izango baitira sinadurak biltzen. Data eta leku horien berri aurrerago emango dutela jakinarazi dute Hitzartuko kideek. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide