Bihar, San Sebastian bezpera, helduen danborrada eta bandera igotzea udaletxeko balkoietatik ikusiko dute horretarako izena eman duten hogei herritarrek. Joan den ostegunean, 2016ko sansebastianen aurkezpenean, iragarri zuen Udalak aukera hori irekiko zuela.
Ostegun gauetik gaur goizeko hamarrak bitartean -ordu horretan amaitu da epea- 80 azpeitiarrek eman dute izena eta, aurrez iragarri bezala, Udalak zozketa bidez aukeratu ditu bihar gauean danborradaren plazako unea udaletxetik ikusi ahal izango dutenen zerrenda. Ondoren, zozketan atera diren hogei herritarrekin harremanetan jarri dira eta, dagoeneko, guztiek jaso dute jakinarazpena.
Hitzordua, 23:30ean
Udalak azaldu duenez, 23:30ean udaletxeko sarrera nagusian izango dute hitzordua danborrada udaletxeko balkoietatik ikusiko duten hogei herritarrek. Han elkartu ondoren, hala nahi dutenek taldeko argazkia aterako dute eta, jarraian, udaletxeko bigarren solairura igoko dira, danborrada hango balkoietatik ikusteko.