Natural jan eta osasuntsu izateko asmoarekin, kinoa jaten hasi nintzen tarteka, beste zereal eta fruitu batzuekin batera, janari orekatu baten bila; egiari zor, ideiarik jakin gabe zer ziren. Gainera, jendartean oso dotore gelditzen da bat, horrelako produktuen kontsumitzaile dela esatean, exotiko eta moderno, eta zergatik ez, alternatibo. Denborarekin irakurri nuen Andeetatik zetorren zereal bat zela kinoa, eta oso ona zela osasunarentzat. Ordutik aurrera kinoazale nintzen, defendatzaile.
Handik denbora batera, eta beste arrazoi batzuk medio, abentura gosea asetze aldera, Boliviara bidaiatu nuen uda batez, hango negura. Bidaiaren karietara, munduko gatzagarik handiena ikustera gerturatu nintzen, Uyuniko gatzaga, eta bere inguruetako hainbat paisaia txundigarri: laku gorriak, berdeak, sumendiak eta flamenko arrosak. Hura zeharkatzeko eta ikusteko, 4x4 auto bat alokatu behar izaten da, eta autoen gidariak, normalean, ibilgailuen gidariak izateaz gain, gida turistiko, sukaldari eta solasaldi askoren protagonistak izanten dira. Lau egun batera eta bestera eraman genituen, Toyota zahar batean. Nahiko abiadura motelean gainera, bertako altuera medio ibilgailuek ez dutelako oxigeno nahikorik azkarrago ibiltzeko eta gatzak ibilgailuak erdoiltzen dituelako. Asko hitz egiteko aukera ematen duen bisita da Uyuniko gatzagakoa. Egun batez, gure gidari Primodoro bazkaria prestatzen ari zela, lapiko handi batean zereal txiki borobil bat ikusten zen tapa altxatzen zuen aldiro, eta gure autoan zihoazen beste turistak harriturik geratu ziren hura zer zen galdezka. Bi alemaniar, txekiar bat eta brasildar bat ziren gurekin. Berehala esan nien, kinoa zela. Primodorok orduan azaldu zigun kinoa beraien oinarrizko janaria izan zela urte askoan; milaka urtean, aipatu zuen. Horrez gain, esan zigun 4.000 metro inguruan soilik hazten zela eta berak lur-sail handiak zituela kinoa landatuta. Baina haserre zen aldi berean Primo, atzerriko enpresak, gobernuaren laguntzaz, lurrak kentzen ari zitzaizkielako, eta lurren jabe izatetik, orain enpresa horien langile bihurtu zituztela bertako biztanleak. Horrez gain, azaldu zigun atzerriko merkatuetan sartzearekin batera, kinoaren prezioak gora egin zuela eta, ondorioz, boliviarrek beraiek zituzten soldatekin ezin zutela lehen bezala erosi zereal dohaitsu hori. Beraz, beste janari merkeago eta kaskarrago batzuk jan behar izaten zituzten, zenbait gainera, atzerritik bertara ekarriak.
Guk hangoa jaten dugu
Horrela, guk hangoa jaten dugu, alternatiboa, eta kasik lapurtua. Hangoek, berriz, beste nonbaitekoa, auskalo nola egina, beste alternatibarik ez dutelako. Bitartean, hemen baserriak hutsik, eta gero eta landa eremu gutxiago. Urrutiko kinoak hamalau.
(Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau)