Asmoa

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2016ko urt. 26a, 10:45

Txikia nintzenean, herenegun, zientzia fikziozko kontuak kokatzen ziren 2016. urtean. Alegia, urruti ikusten genituela. Kontua da, gerturatu ezezik iritsi ere egin direla.

Eta gu hemen, zutik, beti gogotsu, tarteka indartsu eta noizbehinka burutsu. Ginenak gara eta garenak izango gara.Beno, agian bai, agian ez. Pentsatzen hasita, nori dio axola!

Bada, ordea, axola edo kezkatzen nauen konturik. Ez dit loa galarazten, baina zer pentsatua eman bai, ematen dit. Petraltzen ari naiz... eta pertsona petralak gorroto ditut. Hau da hau komeria, a zer miseria. Egoskorra betidanik izan naiz eta, orain, petrala ere bai. Nik neuk, neronek, jende atsegina eta goxoa dut laket. Paradisutik gertu dagoen Azpeitiko ohianean denetik gaude, arkume txuri goxoak, zaldi otzanak, oilaloka eroak, azeri argiak eta pizti gaiztoak. Arrazari begiratu gabe nik jatorri goxokoak nahi ditut neure ondoan. Eta bien bitartean, Urbieta, petraltzen. Eta ez. Ez eta ez. Petralismoari aurre egin behar diot. Aita alperra oso ondo, egoskorra ondo, lehorra bale, baina ezin dut onartu nire bi "rubiek" aita petrala izatea.

Ez dakit inoiz pertsona goxoa izatera iritsiko naizen, baina hitza (Uztarrian Hitza) ematen dizuet petralitateari aurre egingo diodala, gerra deklaratuko diodala barruan dudan mamorro petraleragile honi. Sua eta sukarra. Borondate kontua bada, gogoa badut, asmoa ere bai, noski! Pena litzateke, beste gauza asko bezala, asmo hutsean gelditzea. Asmazan/k. Urte berri on!

(Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide