Sarek hartuko du aurrerantzean azken ostiraletako elkarretaratzeak antolatzeko ardura

Hartu trena! dinamika berriaren baitan kokatuko dira hileko azken ostiraletako egitasmoak; aurrena ostiral honetan, 19:00etan, plazan. Herriko sentsibilitate ezberdinetako pertsona eta eragileek elkarlanean euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak aldarrikatzea izango da dinamika berriaren helburua.

Azpeitiko Sare Herritarra duela ia bi urte sortu zen euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak errespetatzea aldarrikatuko zuen talde bezala. Taldeak hainbat lanketa egin ditu denbora honetan zehar: aurkezpenak, hitzaldiak, ekitaldiak, mobilizazioak, eragileekin hartu-emanak... eta abar. Aurtengo urteari begira, Sarek dinamika berri bat abiatuko du, Hartu trena! lemapean. Dinamika hau Euskal Herri osoan eramango da aurrera eta bere funtsa herrietako eragile eta norbanakoekin harremanetan jarri, atxikimenduak bildu eta norbanako zein eragileekin elkarlanean eskubideen aldeko ekimenak abiatzea izango da.

Azpeitiko azken ostiraletako elkarretaratzea ere Hartu trena! dinamikaren baitan kokatuko da aurrerantzean. Herriko eragile desberdinekin harremanetan jarriko da Sare datozen aste eta hilabeteetan, eta herriko sentsibilitate ezberdinetako pertsona eta eragileek elkarlanean euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak aldarrikatzea izango da helburu. Sarek elkarlana du iparrorratz, batzen gaituenari helduz indarrak biltzea. Beraz, herritar zein eragile ororekin adostasunak bilatu eta elkarlanerako aukerak eskaintzea izango da Sareren datozen hilabeteetako lanketa. Giza-eskubideak errespetatzea, gatazkaren ondorioak konpontzeko urratsak emanez euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eta bakea ditugu helmuga.

Bide honetako trenaren lehen geltokia, lehen elkarretaratzea, ostiral honetan egingo da, 19:00tan plazan, eta bertan dinamika berriaren aurkezpena egingo da.

Hartu trena!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide