Ilusioz eta erronka handiekin ekin dio Kultur Mahaiak 2016ari

Urtarrilaren 28an, osteguna, egin zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak talde eta bazkide norbanakoen 2015. urteko batzarra. Iazko jardueraren errepasoa eta 2016ko egitasmoen aurreikuspenak azaldu zituzten, Soreasun sormen espazioa eraikitzea esaterako. Gainera, zuzendaritza berria onartu zuten.

Urtarrilaren 28an, osteguna, egin zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak talde eta bazkide norbanakoen 2015ko batzarra. 2015eko jardueraren errepasoa eta 2016ko egitasmoen aurreikuspenak azaldu zituzten bertan. Soreasun sormen espazioa eraikitzeko asmoaz ere aritu ziren; gainera, zuzendaritza berria ere onartu zuten.

2015eko jarduerari dagokionez, Kultur Mahaiak eta bertako Sanagustin Kooperatibak egindako egitasmoak laburbildu zituzten. Udalarekin, herriko kultur taldeekin, eta bestelako eragile eta norbanakoekin izandako elkarlana azpimarratu zuten. Hemen duzue horri buruzko informazio gehiago.

Zuzendaritzan izandako aldaketak ere onartu zituzten batzarrean. Izan ere, 2014tik Azpeitiko Kultur Mahaiko Kulturzale Elkarteko lehendakari zen Joseba Izagirreren lekukoa hartu zuen Maite Maizek. Beraz, datozen bi urteetan Maiz izango da Kultur Mahaiko lehendakari.

2016. urteko erronkei dagokionez, "Kultur Mahaia indartu eta egungo izaerari eutsiz lanean jarraitzeko" asmoa azaldu zuten. Horretarako, "sormen eta transmisio arloko hamaika egitasmo" lantzen ari direla adierazi zuten, proiektuaren oinarri diren "elkarlanean eta partehartzean sakonduz" betiere.

Erronka "nagusienen artean", Soreasun kulturgune edo sormen espazio bat eraikitzeko abiatutako hausnarketa dutela azaldu zuten. Ikasturte honetan udalarekin elkarlanean abiatu dute proiektua, eta herriko kultur talde eta norbanakoei zuzendutako espazio "dinamiko eta zabala" eraikitzea dute xede. "Erronka handiak" eskuartean, "ilusioz" ekin dio, beraz, Azpeitiko Kultur Mahaiak 2016. urteari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide