Karnabalak 2016

Beteranoak sokan jai karnabal eguerdian

Erabiltzailearen aurpegia Zezen Beltz elkartea 2016ko ots. 5a, 13:14

Argazkian, goian, ezkerretik, Haritz Segurola 'Xague' eta Fernando Arakistain; haien behean, Aitor Unanue, IƱaki Zuloaga eta Aitor Iriarte 'Txato'.

Klasikoa bihurtzen ari da: jai karnabalean eguerdiko zezenean sokan, sokamutil ohiak. Aurten: Aitor Unanue, Iñaki Zuloaga, Haritz Segurola Xague, Fernando Arakistain eta Aitor Iriarte Txato. 12:00-12:30eko saioan ariko dira, Bergarako Zezenak ganadutegiko idisko batekin. Erretiratu zirenean, 'Uztarria'-k eta 'Urola Kostako Hitza'-k elkarrizketak egin zizkieten. Hemen haien datuak eta esan bana:

Aitor Unanue (1991n hasi zen sokamutil, 2005ean utzi zuen; 1970ekoa da): “Festetan guk badakigu hurrengo egunean zer egin behar izaten dugun eta geure burua kontrolatu behar izaten dugu: gutxiago edan, lehenago erretiratu... Hala ere, geure borondatez egiten dugu, ez gaitu inork behartzen horretara”. Elkarrizketa

Iñaki Zuloaga (1993an hasi zen, 2007an utzi zuen; 1970ekoa da): “Fernando Pikua-k egin zidan sokamutil aritzeko proposamena, Errebaleko festetan. Hasieran pixka bat arrapaladan harrapatu ninduen eskaintzak, baina zezena bukatzerako baiezkoa eman nion. Orain, uztean, nostalgi puntu bat dut". Elkarrizketa

Haritz Segurola ‘Xague’ (2000an hasi zen, 2010ean bukatu zuen; 1972koa da): “Izugarrizko penarekin utzi nuen soka. 2000. urteko jai karnabalean izan zen nire lehen irteera, eguerdian. Urteetan nenbilen irteteko gogoarekin, baina arazo batzuk gorabehera ezin izan nuen. Nik uste txiki-txikitatik neukan ametsetako bat zela, eta behintzat lortu nuen”. Elkarrizketa

Fernando Arakistain (1995ean ekin zion, 2009an utzi zuen; 1974koa da): “Gogoa, afizioa... behar da sokamutil izateko. Dedikazioa ere bai. Festa asko eta ordu asko dira sokamuturrean pasatu behar direnak. Ez du balio zezenera gaur bai eta bihar ez azaltzea, parranda egin duzulako. Konpromisoa hartu eta bete egin behar da”. Elkarrizketa

Aitor Iriarte ‘Txato’ (1998an edo 1999an hasi zen –ez du gogoan zehazki–, 2013an utzi zuen; 1976koa da): “Hainbesterainoko gogoa izaten dugu soka aritzeko, une guztiak ederrak izaten direla. Arratsaldeko hiru ordu eta erdiak azkar pasatzen dira. Enparan kalera iritsi, eta hamar minutu soilik igaro direla sentitzen da, azkarregi bukatu dela. Orduan gehiago eta gehiago nahi izaten da”. Elkarrizketa 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide