Eta joan zaigu. Aktore handia, emakume maitagarria. Eta maitatua. Maria Luisa baino askoz sakonagoa. Azpeitiko Kontxu Odriozola. Azpeitiko antzerkigintza mugimendu oparoeneko partaide izan zinen, eta antzerkia Azpeitian denaren eta izan denaren sua piztu zenuten. Etxean, aitarekin bizi zenuen antzerkigintzaren printza, Milagrosako mojekin sortu zen txinparta. Eta ondoren sortu zenuen euskal antzerkigintzan sua. Emakume argia, ausarta eta indartsua. Eta hori ere miresten dugu. Ekintzailea, Azpeitiko Ikastolako lehenengo irakasleetakoa; dena utzi eta antzerkigintzara salto egiten ausartu zena.
Gure dolumin sentikorrena familiari eta lagunei. Baina, aurrera egin beharra dago, aurrera indarrez, konpromisoz eta lanez. Azkena gurekin izan zinenean, Azpeitiko udaletxeko balkoian festetako txupinazoan bezala, gaitz guztiak tapatu eta dotore, irribarre ederrena erakutsiz, bizitzaren une latzenetan ere.
Lasaitasunez egin dezakezu barre, Kontxu. Maskara kendu eta lasaitu ederra hartzeko unea iritsi zaizu, denoi iritsiko zaigun gisa. Eta orain, zure begietara begiratzen dugu, zuk utzitakoari so egiten diogu, eta harro gaude: herri honekin, gure kulturarekin, gure hizkuntzarekin konpromisoa eta lan handia utzi duzulako atzean. Zure hoberena geratzen zaigu; eta, guk ere, irribarrez balore horietan oinarrituta egingo dugu aurrera. Zure eredua gurea da, azpeitiar guztiona. Asteburu luze honetako barre eta algarak zuretzat Kontxu. Funtzioak eta herri zahar honek jarrai dezala.