Mozorroak nonahi ikusi dira gaur, astelehena, eguerdi partean Azpeitiko kaleetan. Badira urte batzuk umeen karnabaletako desfilea familien mozorro festa bihurtu zela. Urtetik urtera indartzen dihoan joera da, mozorrotutako haurrekin batera beste horrenbeste helduk ere festarekin bat egitearena, eta gaur eguerdikoa horren erakusgarri izan da.
Alde Zaharreko kaleetan ilara luze-luzea osatuz ibili dira batzuk eta besteak, ehundaka lagun; eta kale bazterretan, haiei so, ikusle mordoa. Sevillana, indio, pirata eta printzesa ugari, besteak beste, urteroko legez; eta lehorreko bi itsasontzi ere bai: Veneziako karnabalak Azpeitira ekarri dituen gondola, eta Zumaiako Telmo Deun trainera. Ibilbidearen amaieran, plazara sartu aurretik, desfilean parte hartu duten umeentzako gozoki zorrorik ez da falta izan.
Egun eta erdi gelditzen zaizkie aurtengo Karnabal festei Azpeitian. Hau da datozen orduetarako eta biharko prestatuta dagoen egitaraua:
Gaur, astelehena
Bihar, asteartea