Festa giroa izan da nagusi Matxinbentan

Uztarria.eus 2016ko otsailaren 10a

Igandean, otsailak 7, bukatu ziren Matxinbentako festak. Joan den ostegunean, Santa Ageda bezpera, hasi ziren Santa Ageda festak eta igandera bitartean izan zuten zertaz gozatu adin guztietako auzotarrek.

Ostiralean, Santa Ageda eguna, meza eta jubilatuentzako hamaiketakoa izan ziren. Gauen, aldiz, mus txapelketa. Zapatu arratsaldean umeentzako puzgarriak izan ziren, baita pailazoen emanaldia eta txokolatada ere. Gauean festarekin jarraitu zuten, izan ere, bertso afaria egin zuten Iker Zubeldia eta Iban Urdangarinekin. Dantzarako tartea egon zen, Lidia eta Unai trikitilarien erromeriarekin. Igandean itxulapiko puskatzea, pilota txapelketa azkarra eta herri kirolak izan ziren, besteak beste.

Otarreak badu jabea

Festetako otarrearen zozketa ere egin zuten santagedatako azken egunean. 8253 izan zen zenbaki sariduna eta egunean bertan agertu zen haren jabea, Lurdes Agirrezabala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide