Batzuek herritarrak egia ez ikusteko azalpenak ematen dituzte, behatzarekin alkatea seinalatu, ez dakit zer esaldi testuingurutik atera ondoren, eta horrela anabasa sortu eta egia ezkutatuta geratuko dela uste dute, eta errealitatea gordina da PNVk ez duela nahi zabortegia ixtea.
Hitzak haizeak ematen dituela uste dute, baina, gure kasuan, gure erabakia gure hauteskunde programan jasota dago, eta herritarrei emandako hitza da: Lapatx itxi egin behar da. Ez da popularra edo antipopularra izatearen kontua, emandako hitza betetzea da.
Herritarrek babestu zuten gure hitza eta horregatik aurreko agintaldian (legealdian) Lapatx ez handitzea erabaki genuen; iazko azaroaren 3ean erabaki zen Lapatxek eskualdeko zaborra soilik jasoko zuela otsailaren 3tik aurrera; eta, orain dauzkan 30.000 metro kubikoak bete ondoren erabat ixtea. Horiek dira erabakiak.
Erabaki horien aurrean, nork nahi du Lapatx zabalik izatea? Lapatx zabalik izatea urte luzez, eta, gainera, agian, errauskailuaren ondoren beste erabilera bat ematea. Nork nahi du? Aldundiak eta GHK? Nork agintzen du organo horietan? Zein alderdik? Argi dago, PNV.
Hitzak haizeak ematen ditu, baina ekintzak hor geratzen dira. Nork mehatxatzen du modu publikoan Azpeitiko Udalak defendatzen dituen ixteko erabakiak, epaiketa bidea espresuki aipatuz. Zein alderdik gobernatzen dituen organoak? PNVk.
Aldundiari entzutea egin beharrekoa al zen? Bai, gure ardura da entzutea. Eta esanda bezala, Aldundiak, gobernatzen duten alderdiek (tartean PNV), nahi du Azpeitian zabortegia irekita mantentzea. Irekita mantentzea, hain justu, merkeagoa delako, 96 euro balio duelako Cantabriakoak eta, hemen, 75 ordaintzen dutelako. Itxi bitartean, zer du txarra gure herria konpentsatzeak? 25 urtetan Lapatxek ez dio onurarik ekarri gure herriari.
Diferenteak izango dira Azpeitikoen iritziak eta Gipuzkoako Plazakoenak? Hemen Lapatx ixtearen alde eta erabakiak hartzen diren lekuan irekita mantentzearen aldekoak.
Eta, orain, ixtea erabaki dugunean, eta badezpada horren aurka egitea nahi bada herritarrei hitza ematea, itxiera ordenatu kontzeptua dator Azpeitiko EAJren eskutik. Zer da itxiera ordenatua? Nola adosten da Aldundiarekin berak ixtea ez badu nahi? Irekita edukiko al dugu bitartean. Guk argi hitz egin dugu, dauden 30.000 metro kubikoen ondoren, itxita geratuko da Lapatx hondakin urbanoentzat. Zer esan nahi du ordenatuak? Zenbat urte gehiago luzatu behar diogu Lapatxi bizitza? 2009. urtearen doinuak datorkizkit belarrietara. Beste alternatiba merkea bilatu artean irekita mantentzea? Horrela bada, urte luzetarako nahi du Lapatx irekita Azpeitiko EAJk.
Tristea da, kontextutik ateratako beste herriko zinegotzi baten hitzak erabiltzea, zuzenean bakoitzari bere iritzia eskatu ordez. Nik ez dut hitzik egin Gaizka Larrañagarekin Lapatxen itxieraren inguruan. Eta gure asmoak, konpromisoak eta erabakiak norabide bakarrean doaz: Lapatx ixtea.
Eta, ez dut ulertzen galdeketak zergatik ematen duen hainbesteko beldurra gai honetan. Herritarrek denoi dagokigun erabaki estrategikoak hartzeko eskubidea dute. Eta hori ere gure konpromisoa da. Baina bakoitzak diferente ikusten ditu politika egiteko bideak. Herritarrek ez dute soilik lau urtean behin bozkatzeko eskubidea, ez behintzat gurekin.
Gu ez gara Lapatx ixteari oztopoak jarriko dizkiogunak, zuek bakarrik galarazi dezakezue Lapatx ixtea. Azkenik, edozein azalpen gehiago edo eztabaida bat nahi ezkero, publikoki egiteko nire prestasuna adierazten dizut. Jarri ordua eta data.
PS: Kezka handia sorrarazten dit Aldundiarekin adostutako itxiera ordenatuaren kontzeptuak.