Leslie Knight gehiegi Añares Rioja ISBrentzat

Roselis Silva, Campus Prometeren kontrako partidaren une batean. (ISB)

Campus Prometeko amerikarrak bere ibilbideko partidarik onena jokatu eta, etxekoen hirugarren laurden txar batekin batera, partida erabaki zuen, nahiz eta Añares Rioja ISBk orduerdiz oso ondo lehiatu zuen (62-75).

Añaresek aurreko partidetako dinamika apurtu eta hasierako minutuetan ahalik eta min gehien egitera irtetea zuen helburu nagusia, Campus Prometek salbazioaren bidean jokoan asko zuela jakinda, beldur apur bat sorrarazteko. Eta lortu zuen, nola gainera. Lizarazu kapitainak hiruko batekin animoak eman zizkion taldeari eta, 0 eta 7ko partziala eginda, Joseba Lizarralderen neskek harmailak piztu zituzten. Etxekoak nagusi sentitzen ziren kantxan eta errioxarrak oso deseroso zeuden. Andreu Bou aldaketekin ahalegindu zen, baina azkenerako lehen hutsartea eskatzera behartuta ikusi zen, gauzak bere onera ekarri ahal izateko. Bere neskek 0 eta 10eko partziala eginda erantzun zioten, partida bizi bat orekatzea lortuz. Begic edo Tudanca bezalako jokalariak gelditzeko ahaleginetan, Lizarraldek defentsa misto bat planteatu zuen eta funtzionatu zuen, Leslie Knight agertzen hasi zen arte. Knight ez dago kanpotik jaurtitzera ohituta, baina zapatuan dena sartu zuen. Amerikarrak bere bizitzako partida onena egin zuen, taldearen puntuazio errekorra hautsiz eta orekatua zirudien partida erabakita utziz. Marita Davydovak eutsi zion bere taldeari, hainbat saskiratze lortuz eta errioxarren defentsari min eginez gainera, baina hala ere Añares aldageletara 7 puntu atzetik joan zen. Kantxan gertatu zenarentzat gehiegizko zigorra.

Hirugarren laurdenaren hasierak markatzen ditu askotan talde batek irabazteko izan ditzakeen aukerak. Herenegun, Añares ez zen behar bezala irten, eta garesti ordaindu zuen gero. Taldearen ustezko erreferenteen erabaki txarrak eta Knight eta Tudanca defentsan gelditzeko biguntasunak Campus Prometeren alde jarri zuen balantza. Partida parekatua izan zitekeena guztiz apurtu zen eta Andreu Bouren neskek 17 puntuko aldea ere eduki zuten. Marina Markovic partidatik kanpo, Davydova desagertuta -egia esan, bere taldekideek ez zuten askorik bilatu- eta Roselis erabaki onak eta txarrak tartekatuz... Etxeko neskek oso ondo erantzun zuten, baina maila honetan ez da nahikoa. Taldeko lau zutabeetatik hiruk ez badute funtzionatzen, Añares Rioja ISBk zail izango du garaipen bat lortzea liga honetan. Egia da, duten kasta aterata eta jokaldi on batzuekin azkeneko partzialean garaile irten zela Iraurgi, baina beste behin, jokalariak porrotarekin oheratu ziren.

Saskiratzaileak

Partzialak: 15-15/20-27/11-21/16-12.

Añares Rioja ISB: Zubizarreta (4), Lizarazu (7), Davydova (17), Markovic (6), Silva (18) - Arregi (6), Uria, Bereziartua (2), Etxeberria (1), Gurrutxaga.

Campus Promete: Begic (8), Estebas (2), Covington (6), Tudanca (12), Knight (31) - Thiam (4), Salcedo, Molina (8), Stewart (2).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide