Azpeitiko Xaputarrak A taldeak aurrera jarraitzen du Gipuzkoako taldekako xake ligako hirugarren mailan. Otsailaren 6an jokatu zen hirugarren mailako lehen faseko azken partida eta lehen postuan amaitu zuen Xaputarrak A taldeak. Horrela, bigarren faserako sailkatu ziren azpeitiarrak. Xaputarrak B taldeak, aldiz, seigarren postua lortu zuen sailkapenean eta bigarren fasetik kanpo gelditu zen.
Joan den zapatuan, otsailak 13, jokatu zen bigarren faseko lehen partida Sindikatu Zaharrean eta emaitza onak lortu zituzten azpeitiarrek. Izan ere, Xaputarrak A taldeak 2,5 eta 1,5 irabazi zion Urretxuko Goierri A taldeari. Aitor Priyak berdinketa lortu zuen. Patxi Isasmendi eta Eneko Alberdik, aldiz, euren partida irabazi zuten. Aitor Elustondok, bere aldetik, partida galdu zuen. Hala ere, 2,5eko puntuazioarekin partida irabaztea lortu zuten Xaputarrek. Emaitza horrekin, Gipuzkoako taldekako xake ligako hirugarren mailako lehenengo postuari eusten diote, guztira 9,5 punturekin. Bigarren sailkatuei, Villabona C taldeari, 1,5 punturen aldea kentzen diete azpeitiarrek.
Datorren zapatuan, otsailak 20, Villabona C taldearen aurka arituko dira Xaputarrak A taldeko kideak, Villabonan. Beraz, hurrengo neurketan Xaputarrek parez pare izango dituzte ligako bigarren sailkatuak.