Argazki bakoitzaren atzean istorio bat izaten dela dio esaerak, eta egia izango da. Izan ere, Aitor Rodriguez (Azpeitia, 1976) argazkilaria urteetan atera dituen irudien atzeko kontakizunek harrapatu dute. Hark dioenez, "istorioak islatzea" du gustuko: "Irudietan argazkiko protagonistek bizi duten unea jasotzea gustatzen zait, aurrez aurreko lekukoa izatea".
Bere burua "erretratugiletzat" du Rodriguezek: "Paisajeak jasotzen dituzten argazkilariak badiren gisan, ni erretratugilea naiz. Gure aitaren eskua nabari daiteke hor. Jendeari ateratzen dizkiot argazkiak, eta zain egoten naiz, keinuak harrapatzeko. Argazkilari batzuek zortzi ordu igarotzen dituzte teleobjektiboarekin zain, txoria gerturatu eta argazkia ateratzeko. Horrek aspertu egiten nau ni. Gustatzen zaidana da, toki desberdinetara joan eta jendeari argazkiak ateratzea".
Argazkilariek "normalean" arlo bat hartzen dute lanerako. "Ni gizarte argazkilaria naiz. Modeloekin-eta probatu izan dut, baina ez da nirea. Niri benetako jendea, kalekoa eta naturala, gustatzen zait", azaldu du.
Elkarrizketa osoa irakurgai Urola Kostako Hitza-ren webgunean.