Ttanttaka antzerki konpainiako Joseba Apaolazak eta Zuhaitz Gurrutxagak Kreditua antzezlana oholtzaratuko dute bihar, ostirala. Azpeitiko Soreasu antzokian izango da emanaldia, 22:00etan hasita, eta dagoeneko salgai daude antzezlanerako sarrerak. Hamar euroren trukean eskura daitezke Sanagustin kulturgunean edo Interneten; eta kultur bonoa dutenek, erdi prezioan erosi ahal izango dute.
Iazko irailean estreinatu zuten lana, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta harrezkero herriz herri, oholtzaz oholtza, ibili dira. "Iaz bira moduko bat egin genuen obrarekin, eta 30 bat emanaldi egin genituen. Datozen hilabeteetan ere baditugu emanaldi solte batzuk. Zortea izan dugu, egia esan", azaldu du Zuhaitz Gurrutxaga aktoreak.
Kreditua izena du obrak, eta mailegu eskaera bat da istorioaren abiapuntua. Izan ere, Gurrutxagak hezurmamitzen duen pertsonaia banketxera doa kreditua eskatzera. Banku sukurtsal bateko zuzendariaren rola jokatzen du Joseba Apaolazak, eta hark mailegua ukatzen dio eskatzaileari: "Istorioaren hasieran gizajoa ematen du nire pertsonaiak, baina antzezlanak aurrera egin ahala, biak ere…", azaldu du aktoreak.
Artikulu osoa, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.
Uztarria.eus-ek Kreditua antzezlanerako sarrerak zozkatuko ditu. Uztarriaren bazkideek har dezakete parte zozketan, galdera honi erantzun zuzena emanda: Zein da obraren zuzendaria? Erantzunak ostiraleko 10:00ak baino lehen bidali behar dira uztarriazozketak@gmail.com helbidera, eta ostiral goizean bertan egingo du zozketa Uztarriak.