Administrazioak azpikontratatutako langileen egoera salatu du ELAk

Uztarria.eus 2016ko otsailaren 18a

ELA sindikatuko ordezkariek gaur eman duen prentsaurrekoa

"Lan baldintza duinagoak eta segurtasuna" eskatzen dituzte sindikatutik, Administrazioak azpikontratatutako langileentzat. Salaketa mezua kalera aterako dute Azpeitian, otsailaren 23an. 

 

Administrazioak azpikontratatutako langileen egoera salatu du eskualdeko ELA sindikatuko ordezkariek gaur, osteguna, egin duen agerraldian. Azken hiruhilekoan sortu diren enpleguak "prekarioak" direla adierazi dute eta enplegu sorrera hori "krisitik irtetzearen seinale bezala ulertu ezin" dela azpimarratu dute. 

Amagoia Unanue ELAko ordezkariak adierazi duenez, Euskal Autonomi Erkidegoan 55.000 langile baino gehiagok egiten dute lan administrazio publiko desberdinetako azpikontratetan. "Kasu askotan oso baldintza kaskarretan egiten dute lan", adierazi du Unanuek eta gaineratu du ez daukatela beraien lanpostuan "inolako jarraikortasunik ez eta segurtasunik ere". Egoera horrek langileak "gero eta baldintza prekarioagoak" onartzera eramaten dituela gaineratu du ELAko kideak. Horren harira, esan du, ez dela berria instituzioek murrizketak aplikatzea aurrekontu eta defizit helburuak betetzeko, "jarrera larriak hartuta". 

2014ko apirilean 110.000 sinadura bildu zituen ELA sindikatuak, Eusko Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko. Hiru baldintza eskatzea du helburu Herri Ekimen legegileak: Edozein enpresa aldaketa gertatzen dela ere, azpikontratatutako langileak beraien lanpostuan jarraitzeko eskubidea izan dezaten subrogatzea bermatzea, indarrean dagoen hitzarmena aplikatzea eta klausula horiek edo lan legedian agertzen diren klausulak betetzen ez dituzten enpresak zigortzea.

"Patronalak hasieratik egin du ekimen honen aurka eta subrogatzea astakeria dela adierazi digu", azaldu dute ELAko kideek. Horrez gain, esan dute, "subrogatzearen eskubidea bertan behera uztea patronalaren helburu garbia" dela. ELAko kideen esanetan atzera botako dute ELAk aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea Eusko legebiltzarrean. Izan ere, EAJ, PSOE, PP eta UPyD alderdiak horren aurka bozkatu dute eta EH Bilduk soilik eman dio babesa ekimenari. 

Administrazioari kritika

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Departamentuak bere eraikinetako lanak "kostuen azpitik esleitzen" dituela adierazi du Amagoia Unanuek, "askotan benetan balio dutenaren erdiaren azpitik". Horrek "automatikoki" enpresa  kontratatuek Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena ez betetzea ahalbidetzen duela adierazi du eta hainbat adibide eman: "Lan-ordua 5 euro ordaintzea, lanaldiak 10 ordukoak izatea, ezbeharren tasak gora egitea eta Gipuzkoako eraikuntza enpresak ixtea, Antzibar enpresa kasu". Lan baldintza horietan, eskualdeko enpresek espainiar estatuko enpresekin "lehiatu ezin" dutela adierazi dute eta egoera horretan espainiar estatuko "lan baldintza kaskarrak hemen hedatzea" errazagoa dela. 

ELA sindikatuko ordezkariek adierazi dutenez, "Osakidetzak 82 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu 93 azpikontratatutako eremuetara eta horietatik 49 enpresetan ez dago subrogazioa bermatuta". Udaletxe askok azpikontratatutako langileekin "berdina" gertatzen dela azpimarratu dute. Adibide gisa aipatu dituzte etxez etxeko laguntzaileen kasuak, TAO zerbitzua eskaintzen duten langileena, kirol jardueretako monitoreena edota museo eta erakusketako langileena, besteak beste. Hala ere, azpimarratu dute "ondorioak berdinak" direla egoera horretan dauden langileentzako. "Kateatuta daude. Bermerik gabeko lanpostuak dituzte, negoziaketak egiteko aukerarik ez dute eta hori gutxi balitz, espainiar estatuko hitzarmenak aplikatzen dizkiete, urteetako borrokarekin lortu dituzten eskubideak zapuztuz", adierazi dute. Euskal administrazio publikoan "baldintza kaskar horiek" ematen ari direla azaldu dute eta hori salatzen duela adierazi. 

Salaketa mezua kalera

"Alderdi politikoen jarreraren larritasuna ikusita", Urola Kostako eskualdean salaketa mezua zabaldu nahi dutela adierazi dute. "Alderdi politiko horiei argi utzi nahi diegu, azpikontraten arautzea eliteak dauden legebiltzarretik urrundu nahi izan badute ere, ELAko militanteok arazo hau herriz herri, pliegoz-pliego borrokatuko dugula", adierazi du Amagoia Alberdik. Horretarako, "jendarteak arazoaren berri izan dezan", eskualdeko herri desberdinetan informazioa helaraziko dutela jakinarazi dute. Otsailaren 23an, asteartea, irtengo dira kalera Azpeitian. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide